Fikzio Tolesgarriak, Jørgen Leth eta Dan Holmbergen tailerra
Ciclo de talleres
2007/05/07 - 2007/05/11 | Arteleku eta Donostiako Antzoki zaharrean

Fikzio Tolesgarriak, Jørgen Leth eta Dan Holmbergen tailerra

Parte-hartzaileak
— etiketak: , , ,

Jørgen Lethekin tailer bat eta zinemagilearen inguruko film ziklo bat egiteko proposamena sortu da haren lana aztertuta zinematografikotasunaren mugetatik haratago doan jarrera bat hautematen delako.

Koordinazioa: Olatz Gonzalez, Iñaki Imaz, Asier Mendizabal

Fikzio tolesgarriak Arteleku-Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia Kultura-Donostiako Udalak koproduzitutako proiektua, tailer bat eta zinema ziklo bat barne hartzen dituena.

Jørgen Lethekin tailer bat eta zinemagilearen inguruko film ziklo bat egiteko proposamena sortu da haren lana aztertuta zinematografikotasunaren mugetatik haratago doan jarrera bat hautematen delako. Jarrera hori laburbildu liteke alde batetik mundua ulertzeko eta bestetik adierazpide pertsonalerako aldi bereko ahalegin moduan, baina fede handirik erakutsi gabe objektibotasun dokumentalean eta barnekotasun subjektiboaren ezein goraipatzerik erakutsi gabe. Oso alderantziz, nolabaiteko mesfidantza erakusten du nola kanpokoarekiko hala “norberarenganako”. Seguru asko horregatik lan egiten du autozentsuratik, ekintza eremu oso zehatz bat mugatu eta ulergarritasun konbentzionalari kontzesiorik egiten ez dioten arau sorta batetik, arau absurdoak edo hutsalak, agian. Autozentsura horrek teknika eta estetika bereziak sortzen ditu, hurbil daudenak, definizio zehatzagorik ezean, “objektibotasun onirikoa”, “fikziozko errealismoa” edo antzekoa esan geniezaiokeen zerbaitetik.

Tailerra

Maiatzak 7-11, Artelekun
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, goizak eta arratsaldeak.
Izen-ematearen prezioa: 60 €
Parte-hartzaile kopurua: gehienez 15
Tailerrean ingelesetik espainierarako itzulpena izango da.

Tailerra astebeteko lanaldi moduan planteatu da, bai Jørgen Lethekin bai Dan Holmberg-ekin batera –ohizko kamera haren filmetan, Stars and Watercarries (1973) filmean estreinako aldiz kolaboratu zuenetik-; bertan aukeratutako pertsonak haren metodologiaz eta haren lanak bultzatzen dituzten ideia eta estrategia estetikoen inguruan solastatuko dira. Hasieran gogoeta-tailer moduan pentsatua, Dan Holmbergen presentziak elkarrizketak zabaldutako arazoetatik sortzen diren ariketa praktikoak egiteko aukera emango du. Lan-testuinguru aldekoa sortu nahi da, eztabaida hitzetik haratago eramateko beharra sortu dadin, hartara ekintza edo prozesuak, hasiera batean zinematografikoak, abian jar daitezen, nahitaez amaiera-lan batean zertan gauzaturik gabe. Eztabaidan behin eta berriz sortzen diren auziak berreskuratu nahi dira gauzatzeko orduan, ekintzara pasatzeko orduan zein modutan zehazten diren ikusteko.

Tailerrak irauten duen bitartean gonbidatuek gaiak aurkeztuko dituzte, material dokumentalez lagunduak, eta horiek bertaratutakoen arteko eztabaidara zabalduko dira; eztabaida oinarri batean sustengatzen da (eta beraz hark baldintzatzen du): esandakoak ekintza zinematografiko batean amai dezakeela. Hartara, hitzak eta ekintzak elkar interpelatzen dute eta elkarren epaiaren mendean jartzen dira.

20 pertsona horiek (gonbidatuak, koordinatzaileak eta tailerrean parte hartuko dutenak), elkarrekin biltze hutsagatik abiaraziko duten prozesuaren eskakizunetara zabalik geratuko da programazioa. Saio bakoitza, 4 ordu ingurukoa, gogoeta lanera edo lan praktikora bideratuko da.

Tailerrerako izen-ematea

Parte-hartzaileen hautaketa tailerraren planteamenduari jarraiki egingo da, hau da, arrazoi desberdinengatik Jørgen Lethengan edota Dan Holmbergengan interesa izan eta haiekin lan-prozesu batean era aktiboan inplikatu nahi duen talde heterogeneo bat osatzea.

Tailerrerako eskariak Artelekun aurkeztu beharko dira 2007ko apirilaren 27ko 14:00 baino lehenago, honako hauek aurkeztuta: izen-emate orria, curriculuma eta gutun bat azaltzeko zergatik parte hartu nahi den, eta eskatzaileak bidezko irizten dion beste edozein material. Aukeraketa tailerraren arduradunek egingo dute eta pertsonalki jakinaraziko zaie dagokienei apirilaren 30ean.

Ordainketa: Parte-hartzaileek tailerraren lehen egunean aurkeztu beharko dute Kutxako 2101/0381/07/0001329473 zenbakidun kontu korrontean dirua sartu dutela dioen egiaztagarria.

Artxiboa

Tailerraren osagarri, apirilaren erdialdetik jendearen eskura egongo da artxibo dokumental bat, gonbidatuen lanaren berri ematen duten bideo, liburu eta bestelako materialekin. Artxiboa zein datatan zabalduko den behar bezala jakinaraziko zaie tailerrean parte hartzeko aukeratuei, hala nahi izanez gero tailerra hasi baino lehen ere kontsultak egin ahal izan ditzaten.

Zinema zikloa

Maiatzak 7-11, Donostiako Antzoki zaharrean
Ordutegia: 20:15 h.
Prezioa: 3,60 €
Emanaldi guztietarako abonua: 9 €
Filmak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, espainierazko azpidazkiekin.


Fikzio tolesgarriak proiektuaren barruan, maiatzaren 7tik 11 arte Jorgen Leth-en pelilkulak ikusteko aukera izango da Donostiako Antzoki Zaharrean. Zazpi film proiektatuko dira zinemagile honen lanaren erakusgarri.

Maiatzak 7
-Motion picture (1970) pelikula experimentala da. Torben Ulrich Danimarkako tenis jolakariarekin elkarlanean egindako filma mugimendua eta soinua eta irudiaren sinkronizazioaren gaineko azterketa da.

-Pelota (1983) euskal pilotaren inguruan eginiko dokumentala da. Pilota bat egiteko prozesua oinarri hartuta kirolaren ikuspegi ezberdinak uztartzen ditu Leth-ek: Retegi II. orduko txapelduna, aita bat bere semeari jokoa erakusten...

Maiatzak 8
Notater om kærligheden/Notes on Love (1989) izango da ikusgai. Pelikula hau Jorgen Leth-ek bere bizitza pertsonalean krisi sakona bizi zuen garaian eginiko lana da. Oso proiektu pertsonala eta intimoa.

Maiatzak 9
Notater fra kina/Notebook from China (1986) proiektatuko dute. 1984an Jorgen Leth, Dan Holmberg (kameralaria) eta Niels Torp (soinu teknikaria)-k 6.000 kilometroko bidaia egin zuen Txinan barrena. Bidaia horren emaitza da pelikula hau, prejuiziorik gabe eta kuriositate handiarekin eginiko bidaia-pelikula.

Maiatzak 10 Udenrigskorrespondenten/Haiti Express (1983) emango dute. Jorgen Leth Haitin bizi da 1991z geroztik, baina pelikula hau lehenago egin zuen. Bertan, antzezle baten kazetari baten papera jokatzen du. El Salvador eta Haitiren arteko egoera politiko ezegonkorraren protagonista izan ziren zenbait pertsona elkarrizketatzen ditu. Fikzioa eta dokumentalaren arteko mugak lausotzen dituen pelikula da hau.

Maiatzak 11
-Det perfekte menneske/The Perfect Human (1968) Jorgen Leth-ek bere ibilbidean giza izaeraren ezaugarrien inguruan eginiko ikerlana da. Filmaren hasieran bi aktore gela zuri batean agertzen dira, eta ahots batek "Gizaki perfektua akzioan ikusiko dugu".

-Fem benspaend/ The Five Obstructions (2003) Lars Von Trier zuzendariarek eginiko proposamen batetik sortutako proiektua da. Det perfekte menneske/The Perfect Human filmaren bost bertsio berri egiteko erronka egin zion Lars Von Trier-ek Jorgen Lethi, baina berak ipinitako baldintza eta muga batzuekin. Erronka horren emaitza da pelikula.

Biografiak

Jørgen Leth.
Aarhus, Danimarka, 1937. Zinema zuzendari eta ekoizlea da, poeta eta telebista iruzkingilea. Hirurogeiko hamarkadan Abcinéma abangoardiako zinemagile taldearen kide fundatzailea izan zen. Hamar poema bilduma eta lau saiakera argitaratu ditu. Irakasle ibili zen Kopenhageko Zinema Eskola Nazionalean eta Osloko Ikasketa Zentroan. Eskolak eman ditu orobat Berkeley, UCLA (Los Angeles) eta Harvard Unibertsitateetan. Haitin bizi da 1991z geroztik.

Dan Holmberg.
Stockholm, Suedia, 1944. Argazkigintza ikasi eta moda eta publizitate alorreko argazkilarien laguntzaile hasi zen. 1969an kameralari hasi zen lanean suediar telebistarentzat, eta harentzat filmatu albisteak, kirolak... 1973an New Yorkera abiatu zen, freelance moduan lan egitera. Zuzendari askorekin egin du lan, besteak beste Jørgen Lethekin, eta haren filmetan ohiko kameralaria izan da 1973 geroztik.

Olatz González Abrisketa. Bilbo, 1973. Lizentziaduna Gizarte eta Kultura Antropologian eta Zientzia Politikoetan eta Doktorea Soziologian, antropologia irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Zientzien Fakultatean. La pelota vasca: un ritual, una estética (Ediciones Muelle de Uribitarte, 2005) doktoretza tesiaren egilea da.

Iñaki Imaz. Donostia, 1965. Pintorea da, eta Pintura irakaslea Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultatean 1992z geroztik. Erakusketa anitzetan aurkeztu du bere lana, eta horien artean azpimarra litezke: Lo Mío (Sala Rekalde, Bilbo, 2007), Montaña (Egiako Kultur Etxea, Donostia, 2004), No te separes de nosotros (Arteleku, Donostia eta Centro Cultural Conde Duque, Madril, 2003).


Asier Mendizabal. Ordizia, 1973. Artista, Bilbon bizi da. Parte hartu zuen Manifesta 5en, Donostian. Iñaki Garmendiarekin batera egin zuen Goierri Konpeti filma. Smaller than a Mass liburuaren egilea da (Lank., Peio Aguirre, 2006).

iCal
Dokumentu Akzioak