Egoeraren Zinea
Mintegia | Zinema zikloa
- 2006/06/22 12:00 am - 12:00 am

Egoeraren Zinea

Parte-hartzaileak

Jardunaldia Joaquín Jordá-rekin saioan kritikariak eta zinegilearen lagunak bilduko dira haren lanaz hitz egiteko. Egun oso batez zinea luzatuko da elkarrizketa, eztabaida eta alderaketa kritikoaren bidez. Hitzaldietan Jordá-ren zinearen identitate bikoitza landuko da, forma zinematiko gisa eta zinearen berezko izaeratik kanpo gelditzen diren eztabaiden euskarri gisa. Dualtasun horrek aukera ematen digu bere lanari heltzeko zinea egin eta banatzeko erabiltzen den dispositibo instituzionala berrikusteko aztergai modura, hain zuzen ere dispositibo hori berrikusten ari den eta zenbait hautabide eskaintzen ari zaizkion une honetan. Jardunaldiari amaiera emateko mahainguru bat egingo da Jordá-rekin, non zinegilearen kritikari, laguntzaile eta lagunetako batzuk, bilduko dira, Jordá-ren zinea ez dela modu dialogikoan bakarrik egiten eta elkarrizketa egoera batean hobeto azaldu daitekeela.

Joaquín Jordá (Santa Coloma de Farners, 1935) zinegilearen ibilbidean egoera guztiz heterogeneoak biltzen dira. Bartzelonako Eskolan parte hartu zuen eta Jacinto Estevakin batera ikur bilakatu den Dante no es únicamente severo (1967) izeneko filma egin zuen; ondoren Italiako Alderdi Komunistarentzat (PCI) izaera militanteko lanak egin zituen, eta denbora luzez zinerik egin gabe egon ondoren, zinegile eta intelektual gisa ospe bikoitza eman dioten dokumental filma sail bat egin zuen. Ez dugu ahaztu behar gidoilari, literatura itzultzaile eta irakasle ere badela.
Jordá-ren ibilbide gorabeheratsuak erakusten du bere zinea produkzio era ezberdinen eta zenbaitetan antitetikoen isla dela. Horren guztiaren ondorioz errealizadore gazteen erreferente bihurtu da. Jordá-k erakutsi digu industriaren aginduetatik kanpo ere egin daitekeela zinea. Bere filmografiaren barruan fikzioak, militante filmak eta dokumentalak aurkituko ditugu, baita formatu diferenteak eta aurrekontu ezberdinak ere. Horrek ematen dio nolabaiteko akabera errealista, lanerako erabiltzen dituen baldintza materialen isla garbia.
Askotan egozten zaion ezaugarria da estilo ukapenarena, baina hori ez da aurrez hartutako erabaki baten ondorioa. Besterik gabe, horrela gertatzen da Jordá ez dagoelako kamera atzean. Hizketaldi batean berak ziurtatzen zuen moduan: “Ez dut objektibotik begiratzen, fio naiz operadorearekin. Egoera prestatzen parte hartzen dut. Gehiago kezkatzen nau eszenaren mise en place-k. Kameraren aurrean egoten naiz, egoera antolatzen dut, eta izatekotan ere, gero jartzen naiz kameraren atzean”. Eta bukatzeko honako hau zioen: “Oso zuzena ez delako izango ez balitz, kafea hartzera joan nintekeen eta dena bukatutakoan itzuli”. Kontua da Jordá-k ez duela egoera uzten, aldiz, egoeran barruan sartzen da. 1979az geroztik egin dituen azken bost dokumentalek ikus-entzunezko saiakuntza multzo sendoa osatzen dute, hausnarketa eragiten duen zinearen adibide dira zuzendariaren inplikazio pertsonala ezaugarri adierazgarria izanik. Horren adibide garbiak dira Numax presenta (1980), El encargo del cazador (1990), Monos como Becky (1999), De niños (2003) eta Veinte años no es nada (2004) lanak.

GONBIDATUAK

Santos Zunzunegui. Euskal Herriko Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazioko eta publizitateko katedraduna. Bisualitatearen tipologia diskurtsibo ezberdinak aztertzen ditu eta lan ugari argitaratu ditu semiotika, fotografia, museo, filma teoria eta zinearen historiari buruz.
Domènec Font. Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazioko dekanoa eta zine modernoaren teoria eta historiako irakaslea. TVEk (1983-1990) Espainiako kultura garaikideari buruz ekoitzi zuen La memoria fértil izeneko 20 dokudramako sailaren gidoilari eta zuzendaria izan zen. Zine, estetika eta pentsamenduari buruzko hainbat saiakera idatzi ditu.
Jean-Pierre Rehm. Arte eta zine kritikaria. Marsellako Nazioarteko Dokumental Jaialdiko zuzendaria. Komisario lanetan aritu da Rotterdameko Witte de Witheneko Based upon true Stories erakusketan, Noisy-le-Seceko galeriako Walid Raad erakusketan eta Bartzelonako “la Caixa” Fundazioko Ficciones Documentales erakusketan.
Àngel Quintana. Gironako Unibertsitateko zinearen historiako irakaslea. La Vanguardia egunkariko Culturas/s gehigarrian eta El Punt egunkarian zine kritikari gisa parte hartzen du. Kolaborazioak egiten ditu Dirigido eta Nosferatu aldizkarietan. Fábulas de lo visible (2003) lana idatzi du eta Rossellini, Renoir eta Italiako neoerrealismoari buruzko zenbait saiakera argitaratu ditu.
Glòria Salvadó. Pompeu Fabra Unibertsitateko Ikus-entzunezko Ikasketen lizentziaturako irakaslea.
Laia Manresa. Joaquín Jordá-rekin batera De nens eta Veinte años no es nada filmetako gidoilari lanak egin ditu.
Carles Guerra. Artista, arte kritikaria eta komisario independentea. Pompeu Fabra Unibertsitateko arte garaikideko irakaslea. Komisario lanak egin ditu Antoni Tàpies Fundazioko Art & Language in Practice eta Bartzelonako CCCBko Después de la noticia. Documentales postmedia erakusketetan.

 

KONTSULTA

Mintegiko ekitaldiekin batera ekainaren 22an, egun osoan zehar, espazio bat egokituko da Artelekuko erakustaretoan Joaquín Jordá-k erakusketetarako egindako hainbat lan eta bere filmetako kartelak ikusgai eta kontsultagai jartzeko.

 

PROGRAMA

Osteguna, ekainak 22
10:00 Carles Guerraren sarrera
10:30 Santos Zunzuneguiren hitzaldia
12:30 Domènec Fonten hitzaldia
16:00 Jean-Pierre Rehmen hitzaldia
17:30 Angel Quintanaren hitzaldia
19:30 Mahaingurua: Joaquín Jordá, Glòria Salvadó,
Laia Manresa eta Carles Guerra.

 

NOSFERATU PROGRAMA

Antzoki Zaharra
Nagusia, 1 bis
Apirila - ekaina 2006. 20:15
Apirilak 26
Veinte años no es nada / Vint anys no és res (2004). Espainia. 117 min.


Maiatzak 3
Día de los muertos (1960).
Espainia. 12 min. Zuzendari kidea: Julián Marcos.
Dante no es únicamente severo (1967).
Espainia. 78 min. Zuzendari kidea: Jacinto Esteva.


Maiatzak 10
Maria Aurèlia Capmany parla d’Un lloc entre els morts (1969). Espainia. 52 min. (Euskaraz).


Maiatzak 17
Portogallo, paese tranquillo (1969). Italia. 36 min.
Lenin vivo (1970). Italia. 31 min.


Maiatzak 24
Numax presenta... (1979). Espainia. 100 min.


Maiatzak 31
El encargo del cazador (1990). Espainia. 100 min.


Ekainak 7
Un cos al bosc / Cuerpo en el bosque (1996). Espainia. 90 min.


Ekainak 14
Mones com la Becky / Monos como Becky (1999). Espainia. 96 min. Zuzendari kidea: Núria Villazán.


Ekainak 21
De nens / De niños (2003).
Espainia. 188 min. (Euskaraz).

 

iCal
Dokumentu Akzioak