Koordinazioa: Ramón Esparza
Karen Knorrek eskainia
Data: Azaroak 15tik 18ra
Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara / 16:00etatik 20:00etara
Parte hartzaileak: 15 gehienez
Izena emateko epea: Azaroak 8 arte. Bidali zure datu pertsonalak, zure CVa eta motibazio eskutitzarekin batera arteleku@gipuzkoa.net helbidera
Teoria modernistarentzat, irudiaren eta erreferentearen arteko zuzeneko lotura da argazkia beste ikus arte batzuetatik –pintura edo marrazkitik, kasu- bereizten duen elementu nagusia. Lotura hori, izan ere, irudiaren eta objektu konkretu baten artean sortzen baita, ez irudiaren eta objektu klase baten artean. Horrek ondorio nabarmena du: argazkia nekez uztartzen dela sinbolikoarekin; edo, bestela esanez eta Régis Durand en hitzak erabiliz (Le temps de l’image), argazkia singularrari itsasten zaiola, eta, horrenbestez, funtzionamendu sinbolikorako behar den urrundea eragozten duela.
Esparru fotografikoari begira, indizialtasunaren teoria honen zuzeneko ondorioz, indartzen diren poetikak dira objektuaren aurkezpenean edo irudiaren ekoizpen baldintzetan zentratzen direnak, denborazkotasunarekin duen harreman estuan zentratzen direnak. Beste autore batzuen arabera –Craig Owens, adibidez-, argazkiaren erabilera alegorikoa da, hain zuzen ere, posmodernitatea definitzen duten praktiketako bat. Bere Allegorical impulse obran, Owensek planteamendu hori aipatzen du arte posmodernoaren ezaugarrien artean eta, jakina, erreakzio gisa argazki modernistaren aurrean, honek dokumentalismoaren estetika izan baitzuen ordu arte ardatz. Dokumentalismoak erakusten duena bera adierazi nahi duen bitartean, alegoriak bigarren adierazi maila bat ezartzen du, erakusten denaren eta esan nahi denaren artean desadostasuna sortuz.
Karen Knorr-ek, mintegi honetan, planteatuko du zertan oinarritu duen bere lana, museoaren inguruan eta irudi fotografikoak XVIII. mendeko praktika artistikoekin duen loturaren inguruan. Mende hartako pintura, izan ere, oso lotua ageri da akademizismoaren baloreekin, hau da, bizitzaren eta ezagutzaren esparru guztietan arau espiritua ezarri nahi duen arrazionalismo baten espresio artistikoaren baloreekin. Enziklopedistek beti nahi izan dituzte arteak sailkatu, ideal piktorikoak ezarri eta museoa artelanak gordailatzeko eta sailkatzeko toki gisa hartu. Knorren obrari hausnarketa bat dario printzipio horien inguruan; bereziki, arte klasikoak garatutako lengoaia artistikoari buruz eta gizarte garaikideak harekin duen harremanari buruz egiten du gogoeta, gaurko gizarteak eta ordukoak oso desberdin ikusten baitute gaia.