Stock13
Audizioak
2008/05/27 - 2008/06/19

Stock13

Parte-hartzaileak

Hiru minutu eta erdi nahikoak dira unibertso bat sortarazteko. Hiru minutu eta erdikoa da kantu estandar baten batazbesteko iraupena. Kantuak, zentzuaren unitate txiki eta indartsu honek, denbora, kultura eta hizkuntz mugak gainditzeko gaitasun bitxia du. Hamaika aldiz entzunda eta abestuta, talde memoria eta norbere memoriaren parte ordezkaezina da. Stock13-k soinu banda pertsonalak ezagutzeko gonbidapena luzatzen digu. Hitzaldi musikatu edo, nahi izanez gero, entzunaldi komentatu gisara, kantuak dira aukeratutako formatuaren haria.

Audizio komentatuak.
Gonbidatuak: Guadalupe Echevarria, Jose Mari Zabala, Anjel Lertxundi

STOCK13 Audiolab Artelekuren egitasmo bat da Oier Etxeberria, Miren Jaio eta Xabier Erkiziak koordinaturik.


PROGRAMA

Maitzaren 27a, asteartea, 19:30etan Artelekun
Audizio komentatua
Guadalupe Echevarría Bordeleko Arte Ederretako eskolako zuzendaria da. Arte garaikideko curator nahiz sortzaile lanak egin ditu (MNCARS, Madrid, ICA, Boston), erakusketak antolatu, baina katalogo nahiz bestelako artikuluak idatzi ditu. 1982an Donostiako zinemaldiaren barne Bideo jaialdia (1982-1984) sortu zuen, bideoklipak eta bestelako ikusentzunezko lan aitzindariak aurkeztuz. Hurrengo urtean Kortatu edo La Polla Records bezalako taldeen lehenbiziko bideoklipak eta soinua nahiz irudia modu berezian lantzen zuten erakutsi zituen Gasteizko Musika Bideoen jaialdia antolatu zuen. Bien bitartean ERE aldizkarian musika eta telebistako ataletan idatzi zuen.

Ekainaren 3a, asteartea, 19:30etan Koldo Mitxelena Kulturunean
Audizio komentatua
Jose Mari Zabalak, musikari argazkilari, zinemagile eta grafista. 60. hamarkadatik musikan, zineman, diseinu grafikoan eta argazkigintzan lan egin duen artista irundarra."Ez dok Amairu" abangoardiako taldeko kide izan zen Mikel Laboaren alboan gitarrajole elektriko eta esperimental lanak eginez eta "Ikimilikiliklik" bezalako ikuskarietan parte hartu zuen. Geroztik, esperimentaziorako grina bihurtu da bere lanaren adierazle nagusietako bat. "Axut" luzemetraia egin zuen 1976an eta 80. hamarkadan argazkilaritza lanetan ibili zen buru-belarri erakusketa desberdinak antolatuz edo Euskal Herriko rock musikaren zenbait disken azalak sortuz. Gaur egun oraindik nagusiki argazkilaritzan eta bideogintzan dihardu lanean.

Ekainaren 19a, osteguna, 19:30etan Koldo Mitxelena Kulturunean
Audizio komentatua
Anjel Lertxundi idazle eta zinemagile oriotarra. Euskal literaturaren egile oparo eta garrantzitsuenetakoa da. Bi filme luze zuzendu ditu “Hamaseigarrenean aidanez” (1985) eta “Kareletik” (1987) eta telebistan ere lan egin izan du gidoilari moduan. 1982an Euskal idazleen elkartearen sorreran presidente izendatu zuten eta kargu hori bete zuen hiru urtez. Gaur egun zenbait komunikabidetan idazten du, bereziki Berria egunkarian. Blogaria da eta euskarak interneten bere lekua eduki dezan lan haundia egin du...

iCal
Dokumentu Akzioak