Zer da soinumapa?
SOINU MAPA elkarlanera eskainitako egitasmo irekia da. "Fonografia" edo gure inguruko hotsak grabatzeko artea oinarritzat hartuz, landa grabaketak erakutsi, kontsultatu eta elkartrukatu nahi ditugu. Webgune honetan Euskal herrian zehar egindako hainbat grabaketa entzun ditzazkezu, toki bakoitzaren soinu errealitateari buruz informazio gehiago ematen dituztenak. Zuk ere grabaketak egiteko ohitura edo gogoa baldin baduzu, zure ekarpena egin dezakezu, mapa hau osatu eta zure grabaketak gainerako bisitariekin elkarbanatzeko.
Beraien elkartruke erabilpena arautzeko, ekarpen guztiak Creative Commons lizentziapean daude.
Soinumapa-ren historia
2001. urtean Luz Maria Sanchez artistak euskal herrian egindako grabaketa bilduma eder bat osatu zuen. Mexikoko sortzaile honek, ARTELEKUn, Donostiako Arte Garaikidearen zentruan, egindako egonaldia aprobetxatuz, euskal herriko geografian barrena egindako hainbat landa-grabaketa jaso zituen, Tuterarik Baionara, eta Bilbotik Gasteizera. Grabazio hauek Artelekuko artxibategian gorde ziren, norbaitek, Luz Mariak utzitako dokumentazioan zioen bezala, hartu eta nahi duenerako erabiltzeko prest.
Hiru urte beranduago, hasierako filosofiari jarraituz, Audiolab-ek grabaketa guzti hauei behar bezalako atentzioa eta balioa emateko sortu zuen SOINU MAPA. Geroztik, kolaboratzaile sare bati esker, gero eta grabaketa gehiago gehitu dira bildumara, denak edozeinek kontsultatu, entzun eta berrerabiltzeko moduan.
Bestalde, etengabe hazitzen doan grabaketa bilduma zabal beste egitasmo batzuetarako abiapuntu ere bihurtu da. 2005eko azaroan martxan jarri zen RE:MAPA egitasmoak gure inguruan dauden hainbat artista gonbidatu zituen jatorrizko grabaketak hartu eta hauek nahi bezala berrinterpretatuz, soinu konposizio berriak sortzeko. Emaitza Artelekuko webgunetik deskarga daitezke 31 soinuzko piezaz osatutako bilduma da.
2008an, Soinumaparen bidez, soinu paisaiaren kontzeptuan sakondu eta honekin esperimentatzeko helburuarekin HOTS| IRRATIA izeneko web-irrati/podcast egitasmoa jarri zen martxan. Irrati honen lehen 15 programak entzungai daude irratiaren webgunean: www.hots-radio.info
SOINU MAPA Arteleku arte garaikideko zentruko Audiolab sailak sortutako egitasmoa da, Xabier Erkiziak eta Oier Iruretagoienak zuzendurik, Xavier Balderas, Luz Maria Sanchez eta Enrike Hurtadoren laguntzarekin.
Bertsio honen berritasunak
SOINUMAPA.NET Euskal Herriko Soinu Mapak 2005ean martxan jarri zenez geroztik izan duen hirugarren eguneraketa da oraingoa, orain arteko garrantzitsuena; webgunearen goitik beherako berrantolaketa eta berrikuntza nabarmenekin.
Itxura eta diseinu berria aurkezteaz gain, erabiltzailen parte hartzea erraztuko du bertsio berriak, euren grabaketak zuzenean webgunetik zintzilikatzeko aukera emanez; igo duten soinua segundu gutxiren buruan mapan ikusi ahal izango dutelarik.
Soinuak kontsultatu nahi dituenak ere sistema erosoago bat topatuko du. Azken grabaketak zein diren ikusteko aukerak eta RSS jarioaren erabilerak eguneraketak modu errazean jarraitzea ahalbidetuko du, eta kategoria eta tag bidez egin den soinuen sailkapenak hauen bilaketan lagunduko du.
Azken finean, berrikuntza guzti hauek SOINUMAPAren funtzionamendua eta parte hartzea erraztu eta uztartuko dute.