Achim Wollscheid punta-puntako artistatzat hartua izan da azken 20 urteetan musika esperimentalaren eremuan. Ibilbide horretan, Wollscheid soinuaren, argiaren eta espazio arkitektonikoaren arteko harremanean sakontzen aritu da bere soinu lanak hartara eramanda, eta nabari du hori izaera elkarreragile handiko bere lanetan. Informazio sistemak ekoiztu eta banatzeko Selektion erakunde aleman garrantzitsuaren sortzaileetako bat izan zen. Argitaratuak ditu "The terrorized term" (1999) eta "Selected works 1990-2000" (2001) liburuak, besteak beste, eta argitalpen askotan parte hartu du, horien artean, "Social Music" (Errant bodies, 2002) aipagarri. Herrialde askotan jardun du, baita instalazio proiektuak aurkeztu ere.
Helburuak:
* Soinuaren, argiaren eta espazio
arkitektonikoaren arteko elkarreraginen posibilitateak lantzea.
* Sistema elkarreragileak garatzeko oinarrizko kontzeptuak norbereganatzea
* Instalazioak sortzeko eta muntatzeko hainbat tresna ezagutzea.
Tailerrean parte hartzeko ez da behar musika ezagupen espezifikorik; nahikoa da honelako lan egoera batek eskatzen dituen bezalako jarrera eta irekitasuna izatea. Parte-hartzaile guztiek eraman behar dute beren ordenagailu eramangarria.
Tailerrean parte hartzeko, bidali
zure datuak (izen-abizenak, helbidea, harremanetarako helbide elektronikoa)
helbide elektroniko honetara: arteleku@gipuzkoa.net
Izen ematea doan da.
Izena emateko azken eguna: azaroaren 16a
Partaide kopurua: 12 lagun
Tailer hau [UN]COMMON SOUNDS jardunaldien barnean programatuta dago.