Crashed
Pine Streeten barrena pankartekin doan taldean ikusi zaitut igarotzen, langile, aktibista eta ikasle nahasketan, «Jail ’em, don’t bail ’em» ozen kantatzen duen horretan, eta martxak Wall Street zeharkatu du AIGren eta aldameneko Bank of Americaren eraikinera iritsi arte, barrikadak eta dozenaka polizia zain dituzten lekura iritsi arte, «Jail ’em, don’t bail ’em», koro gero eta haserreagoan bilatu zaitut, «Jail ’em, don’t bail ’em», hain da koro indartsua ezen trajez jantziak goietatik atera baitira leihora, beldurrez atera dira, eta neska gazte bati begira jarri, honek bozgorailua hartu eta bere erara jo baitu bankariak erreskatatzearen kontra, eta zure ahotsa entzun dudanean bihotzak jauzi egin dit, jauzi egin dut eta fl otatzen ari naiz aurrean, bozgorailua jaitsi eta barrikadak erori diren unean bertan, denak korrika doaz norabide orotan, eta kolpeak hasi dira, bat, bi, hiru gorputz saihestu ditut baina ez zaitut aurkitu, zoro moduan nabil zure bila harik eta goitik heldutako kolpea sentitu dudan arte garondoan, harik eta erori eta lurretik zure bozgorailua ikusi dudan arte hara eta hona dabiltzan zangoen artean, odol beroa bizkarrean behera doakit eta zeharka ikusten dut AIGren logotipoa sarrera gainean...
VALDEZ_EU.pdf — PDF document, 490Kb