Zehar #51 51 Erresistentzia eta sormenaErresistentzia eta sormena: dibortzio lazgarria Munduko kapitalismoak, teknozientziarekin bat eginik, giza bizitzaren esfera ororen ingurumaria birdiseinatu du gaur egun. Politika baldin bada gizarte bizitzaren eraketa moduen, haren zatiketa berrien eta haren sostengu diren arau berrien gaineko polemika burutzea, eta artea eraketa modu hautemangarri horien sormena orientatzen duen aldaketa sentikor ikusezinen hausnarketan jardutea, espero izatekoa da politika, artea eta horien arteko loturak krisian egotea, bai eta horien arazo berriak eta horiei aurre egiteko estrategiak asmatzea ere hitzetik hortzera dabilen gaia izatea. Zeregin horrek, alabaina, ez du inongo loturarik esferen berritxuraketarekin eta mugen birnegoziazioarekin. Esferatan antolaturiko ordena bera baita bere logika identitarioarekin ezengonkorturik dagoena —giro aproposa, hortaz, politika eta artea giza bizitzaren ahalmen gisa azal daitezen, erresistentzia ahalmena bata eta sormenekoa bestea—. Kapitalismoak errebelazio hori azkartu du, sormen indarra artearen ghettotik —esfera autonomoa den neurrian— atera eta giza gorputz osotik mobilizatzeaz gain, ospatu egin baitu, eta sormen indar hori bere balio iturri nagusi bilakatu du. Nolanahi ere, ongi etorria egin baldin bazaio sormen indarra mugarritzen zuten hesien erorketari eta are ongi etorri sutsuagoa hura ospatzeari, halabeharrezko helmuga zuen madarikazioaz askatuta, indar horren sakabanaketa subjektibotasunaren eta horri eragiten dion esperientzia hautemangarriaren disoziazioarekin batera azaltzen da. Horrek ondorio larriak ditu giza bizitzarako: esperientzia hautemangarria baldin bada ate joka datozen eta indarrean dauden existentzia moduen hondamena dakarten munduaren alteritate indarrak gorputzean presente egitea, funtsezkoa da esperientzia hori eskuratzea, bizitzaren jarioak segi dezan beharrezkoak diren moduak asmatzeko. Sormen ahalmenaren aldetik, eskuratze horrek adieraziko dio zer ari den taldearen bizimoduaren baitan sarbidea eskatzen eta zein norabidetan berrantolatu behar den, emantzipazio prozesua bermatzeko. Erresistentzia ahalmenaren aldetik, eskuratze hori bera da jokoan dauden indarrak kokatzen dituena, elkarren aurka jartzen diren munduaren konfigurazio desberdinetan. Eskuratze hori oztopatzeak prozesua eten, eta sormen eta erresistentzia ahalmenen arteko dibortzioa sortarazten du, biak ala biak irteerarik gabeko etorkizunera bultzatuz bizitzaren babesari dagokionez eta, ondorioz, bizitzaren babesa bera arriskuan jarriz. Hautemangarria den horren eskuratzetik disoziaturiko eta afektu politikotik banandutako sormen ahalmenaren patua asmatze libreko lan indar iturria osatzea da, eta askatasunak, kasu honetan, merkatuak manipula dezan guztiz eskura egotea esan nahi du, hots, kapitalak funtsik gabe utz dezan, horrela balio handiagoa aterako baitio kontrako inolako erresistentziarik sortu gabe. Erresistentzia ahalmenaren patuari dagokionez, hautemangarria den horretatik disoziatzeak bizitzaren berezko krudelkeria ahaztea dakar, beharrezkoa den guztietan giza existentziaren moduen leherketa dakarrena. Horrela bada, subjektibotasunak ez du hortik erakartzen den egonezina kokatzeko modurik, eta partaide den erresistentzia indarra alferrekoa gertatzen da, are alferrekoagoa prozesu horretan parte hartzen duen sormen indarrarekiko dibortzioaren eraginez. Babesik gabe, subjektibotasunak besteengan proiektatzen du bizitzaren krudelkeria, bai eta gaiztakeriarekin bat egiten ere. Forma dialektikoak harrapatzen du orduan indar politikoa eta aurkakoen arteko gatazka gisa garatzen da: orok erreibindikatzen du bere buruarentzat ongia eta bestearen aldean kokatzen gaizkia. Balizko ongiaren eta balizko gaizkiaren arteko borroka horretan, irabazlea edozein dela ere, kontserbadurismoaren indarra da garaile ateratzen dena, indarrean dagoen errealitatearen ingurumariari bultza egiten dion desberdintasunetik erakartzen den krudeltasunaren beldur izanik krudeltasuna ukatzen duena, desberdintasuna integratuko lukeen kartografia berriaren sorrera geldiaraziz, eta hori da bizitzaren baieztapenerako prozesu nahitaezkoa. Adostasunaren mundua aterako da garaile —alteritaterik, erresistentziarik, sormenik, bizitzarik gabeko fusioen mundua— zeinaren forma paradoxazkoa totalitarismoa baita. Zein subjektibizazio-estrategiek “sendatzen” ote gaituzte bi disoziazio kaltegarri horietatik: erresistentzia indarraren eta sormen indarraren artekoa batetik, eta indar horien eta horiei dei egiten dien esperientzia hautemangarriaren artekoa bestetik? Zer arazo sortzen ote ditu disoziazio bikoitz horrek praktika artistiko eta politikoen alorrean? Zer estrategiak egiten ote diete kontra? Zer eraginkortasunarekin? Eta, modu zabalagoan, nola ari ote dira hurbiltzen, edo ez, afektu politikoa eta afektu artistikoa praktika sozialen baitan? Azkenik, bestelako zer galdera planteatzen ote dira egun artean, politikan, eta bien arteko harremanetan, lehen aipatutako arazoaz harantzago? Galdera horietarako erantzunbideak aurkitzea ez da norbanakoek bakarrik burutu dezaketen zeregina. Horrelako lan batek bizitza kolektiboaren ehunduraren baitako esperimentazio infinitesimalak behar ditu. Lan horretan parte hartzea da, hain zuzen ere, Zehar aldizkariaren ale honen asmoa.
—Suely Rolnik zehar51.pdf — PDF document, 2995Kb |
|