+Soma. Instalazioa Beatriz Churruca Echeverríaren lana
Instalazioa
2006/10/09 - 2006/12/22 | Arteleku

+Soma. Instalazioa Beatriz Churruca Echeverríaren lana

Parte-hartzaileak

Instalazioa Beatriz Churruca Echeverríaren lana.
Tokia: Artelekuko ataria
Jolaserako antolamendua: David Moreau
Jostura:Justino Martín Bartolomé
Ekoizpena:Arteleku- Gipuzkoako Foru Aldundia Aspaldiko Soma kuboan oinarri harturik, lan honen asmoa da jolasa, artea eta ingurumen kezkak elkartzea. Pieza, anabasa, maileguzko oroipenaren erakusleiho, bilgarri berritako zaharkin hauek elkarretaratzerik sortzeko gaitasuna balute, dena bat etorriko litzateke. Egizue proba. Eskerrik asko oraingoan jantziak eman dizkidazuen guztiei, baita Artelekuri ere.
Kuboak aurrez:
Etxeko hondakinekin. 2004ko abendua - 2005eko urtarrila.
Jantziekin. 2006ko martxoa. Emaus Gizarte Fundazioaren CRR+ zentroan.


BIOGRAFIA
Beatriz Churruca Echeverría. Arte Eder ikasketak burutu zituen Salamancako Unibertsitatean eta Bartzelonakoan, dantza eta arte eszenikoen inguruko prestakuntzarekin osatuta. Erakusketa muntaiak egin ditu eta Bartzelonako Arte Ederren Museoan eta Miró Fundazioan zenbait artistekin elkarlanean jardun da. Bere obra garatzen zuen bitartean dantza-piezak sortu eta taularatzeko talde-lanetan kolaboratu izan du; hala nola, Euskal Koreografo Gazteen Erakusketaren V eta VI. edizioetan. Azken urteotan arkitekturarekin zerikusia duten proiektuetan lan egin du eta, une honetan, bere proiektu artistikoak Donostiako Gaia diseinu eskolako eta Siglo XXI tailerreko klaseekin uztartzen ditu.


Urriak 9 eta 10
Mintegia

Zabaltasunaren ahalmena: unibertsalismoa, herritartasuna eta burujabetasuna (II)
Alain Badiourekin elkarketa
Urriak 9 eta 10, Artelekun
Koordinatzailea: Amador Fernandez-Savater
Gonbidatuak: Alain Badiou, Fernando Golvano, Kebir Sabar, Maggie Schmitt, Imanol Zubero
Produkzioa: UNIA arteaetapentsamendua eta Arteleku-Gipuzkoako Foru Aldundia.
Laguntzaileak: Archipielago argitaletxea eta Institut Français de Bilbao
Sarrera libre da
Libreak eta berdinak diren herritarrak, munduko hiritarrak. Horrela laburtzen zen Ilustrazioaren burujabetasun nahia, azken mendeetan mugimendu demokratiko eta iraultzaileek, nahi horren buru ziren ustean, bereganatutakoa. Hori zen langileen erakunde internazionalen ametsa, eskubide zibilen aldeko mugimenduena, emakumeen eskubideen aldeko mugimenduena, baita Mary Wollstonecraft, Mijail Bakunin edo Martin Luther Kingen ametsa ere. Baina amets horren artean eta amesgaiztoko irudien artean hesi handi bat dago. Hori argi ikus daiteke telebistan agertzen diren irudi izugarri eta adierazgarrietan, bai New Orleanseko hondamenaren ondoren, baita Ceuta eta Melillako hesiaren arazoaren inguruan, Londreseko uztailaren 7ko atentatuen ondoren edo Frantziako hiri aldirietako matxinadei buruzkoetan ere. Hesi hori pobreziak, bigarren eta hirugarren klaseko hiritarrek, ukatutako eskubideek, gizarte bazterketak, sexuagatiko edo arrazagatiko bereizkeriak, nihilismoak, arrazakeriak eta nortasun fanatismoek jaso dute. Hesi hori etnizazio krudel bat da, globalizazioak eragindako gizarte egoera larriak sortutakoa. Ikertu, neurtu eta galdekatu nahi den hesi bat. UNIA arteypensamientok, Arteleku-Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Archipielago argitaletxeak bat egin dute 2006. urtean, eztabaida publiko bat proposatzeko burujabetasunerako unibertsaltasun bat berrasmatzeari buruz. Izan ere, gaur egun, merkatu globalaren ondorioz, mundua gero eta "berdinduagoa" ari da bihurtzen, eta aldi berean, berezko identitatea izateak gero eta miresmen handiagoa sortzen du. Eskubideak banan bana eta behin eta berriz aipatzen dira, baina ez dira betetzen. Horrez gain, kultura-erlatibismoak emantzipazioaren balioak erlatibizatu edo gutxiesten ditu. Horren ondorioz, “haien" kontra ez dagoen "gu" bat eratzeko gai ote gara?, edo bi aldeen arteko berdintasunen aldeko politika egin ote daiteke, hori identitate eta abstrakzio bezala ulertu ordez aniztasun eta singulartasun bezala onartuz? Herritartasun unibertsalaren eskubideen alde borroka ote gaitezke, eskubide horiek estatu-nazio irudiarekin lotu gabe? Eztabaida horren lehen atala Sevillan egin zen, joan den maiatzean. Bigarren kapitulua Alain Badiou filosofoarekin egindako hiru ataleko elkarrizketa gisa eratuko da. 1. gaur egungo unibertsaltasunaren arazoari buruz; 2. unibertsaltasunak ezberdintasun eta singulartasunekin duen harremanari buruz; eta azkenik, 3. "gu emantzipatzaileari” buruz, aldez aurretik "gu" bezala ulertu izan den guztia zalantzan jarri duena.

Programa
Urriak 9, astelehena
11:00-14:00
Alain Badiou. Gaur egungo unibertsaltasunaren arazoa
19:00:00-22:00
Alain Badiou. Unibertsaltasuna eta ezberdintasuna
Urriak 10, asteartea
11:00-14:00
Alain Badiou. Unibertsaltasuna eta berdintasuna
Kontrapuntuak: Amador Fernandez-Savater, Fernando Golvano, Joaquin Rodriguez, Kebir Sabar, Maggie Schmitt,
Imanol Zubero.

Biografiak
Alain Badiou gaur egungo filosofo interesgarri eta erradikalenetakoa da, beti arazoen funtsera jotzen baitu. Bere borroka politiko eta filosofikoa burujabetasun politikak beste era batean proposatzean datza, Estatuari funtsezko garrantzi hori kendu eta bizitza aukera berriak sortu nahiz autonomiaren eta berdintasunaren baieztapen erradikal bat egiteko. Horri dagokionez, erlatibismo filosofikoaren eta eszeptizismoaren aurka borrokatu nahi du, printzipio ezaren kontra, berdintasunaren aurka doan desberdintasunen ideia jakin baten kontra eta abar. Hori da bere borroka politiko eta filosofikoa: ideia berriak asmatzea; subjektuaren, egiaren eta unibertsaltasunaren teoria berriak egitea, horrela gaur egungo ideiak antolatzen dituen gordiar korapiloa puskatzeko; finantza eta politika oligarkien boterearen ordez, etnia eta arbasoen boterea izan daitekeela ezagutaraztea. Liburu ugari idatzi ditu, besteak beste Théorie du sujet (1982) (Subjektuaren teoria), L'Être et l'Événement (1988) (Izakia eta gertaera), Manifeste pour la philosophie (1989) (Filosofiaren aldezko manifestua), L'Éthique (1993) (Etika), Petit manuel d'inesthétique (1998) (Estetikari buruzko eskuliburu txikia) eta Circonstances 2 (2004) (Egoerak 2).

Amador Fernandez-Savater saiakera-idazle, ikerlari eta editorea da. 1999an Filosofía y acción idatzi zuen, gazteleraz Limite argitaletxeak argitaratutakoa. Beste lagun batzuekin batera, Archipielago aldizkaria eta Acuarela argitaletxea zuzentzen ditu. Bietan diskurtso inkonformista eta kritikoaren aukerak miatzen dituzte. Askotan idazten du El País egunkariko kultura eranskinean, Diagonal egunkarian eta El Viejo Topo aldizkarian. Madrilgo gizarte- mugimenduetan parte hartzen du. Fernando Golvano Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, Estetika eta Artearen Teorian. Euskal Herriko abangoardia artistikoei buruz asko ikertu eta idatzi du, baita gaur egungo sormenari eta bere sareei buruz. Artista garaikide askoren gaineko monografiak idatzi ditu, eta hainbat erakusketa antolatu ditu. Hika, Periódico del arte, Sublime, Exitbook, Ondare, biTARTE eta beste argitalpenetan arteari buruz idatzi du. Joaquin Rodriguez soziologian doktore da, eta Archipiélago. Cuadernos de Crítica de la Cultura aldizkariaren zuzendarikidea da. Horrez gain, Pierre Bourdieu. Sociología y subversión (La Piqueta) eta El desorden de las cosas (CSIC) liburuen egilea da. Le Monde Diplomatique, Pliegos de Yuste eta El Viejo Topo argitarapenetan askotan idazten du, eta horrez gain, Siglo XXI, Paidós, Santillana eta beste argitaletxetan ere editore bezala egiten du lan. Interes gehien sortzen dioten gaien artean aipagarriak dira laizismoa kultura arteko bizikidetzaren funtsa bezala, gizartearen oinarritze demokratiko eta sekularra mundu globalizatuan bizitzeko eta internazionalismoaren forma berriak garatzea.

Kebir Sabar politika-zientzietan lizentziatua da eta analista soziopolitikoa. Aditua da immigrazioaz, eta Maghreb, arabiar eta musulmanen munduaz. Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako hainbat administrazio eta udaletxetan atzerritarren gaietan aholkularia da. Euskal Herriko Unibertsitateko soziologia, pedagogia eta psikologia departamentuetan ikerlari laguntzailea da, eta immigrazioari eta maghrebiar gizarteari buruzko ikerketa asko argitaratu ditu.

Maggie Schmitt Madrilen bizi den itzultzaile eta ikerlari independentea da, eta Beiruten nahiz AEBtan lotura handiak ditu. Hainbat gizarte ekimenetan parte hartzen du, horien artean aipagarriak dira Precarias a la Deriva ikerketa eta militantzia proiektua, edo Ekialde Hurbileko (eta haren inguruko) gazte feministen talde informala. Azken urtetan sekularismoari buruzko eztabaidetan aritu da lanean batez ere. Gaur egun AEB-tan dabil, herrialde hartan sortzen ari diren gizarte antolakuntzak aztertzen.
Imanol Zubero. Bilbao. Soziologian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle titularra da. Artikulu eta liburu askoren egile eta egilekide da. Gai asko jorratu ditu, denak Euskal Herrian kokaturik: sindikalismoa, teknologia aldaketak, informazioaren teknologia berriak, gizarte mugimenduak, borondatezko lanak, biolentzia eta politika. Astero El País-eko euskal argitalpenean zutabe bat idazten du. Ondoko liburuen egilea da: Los sindicatos españoles ante el cambio tecnológico, Desclée de Brouwer, 1993; Las nuevas condiciones de la solidaridad, Desclée de Brouwer, 1994; Movimientos sociales y alternativas de sociedad, HOAC, 1996; El trabajo en la sociedad. Manual para una sociología del trabajo, Euskal Herriko Unibertsitatea, 1998. Hainbat ekimen eta erakunde sozialetan hartu du parte, antimilitarismoaren esparruan, Euskal Herriko bakearen inguruan eta herritarren mugimenduaren arloan. Gesto por la Paz taldearen bultzatzaileetako bat izan zen.




http://www.propolispropuestas.com

iCal
Dokumentu Akzioak