Víctor Erice. Dokumentala eta fikzioa
Tailerra | Taller
2006/04/13 - 2006/04/17 | Arteleku

Víctor Erice. Dokumentala eta fikzioa

Parte-hartzaileak Víctor Erice

Mintegia bideratuko da zinemagintzaren bikoiztasunera (dokumentala eta fikzioa) hurbilpena eskaintzera, bikoiztasun hori agerian jartzen duten mekanismoak aurkitzeko eta ezagutzeko moduan eta egun hartu duen norabidea ere erakusteko moduan, aukeratu diren oinarri-oinarrizko adibide zinematografikoak baliatuz horretarako. Goizez, klase teoriko praktikoak emango dira eta arratsaldez, ikasleek parte hartzeko aukera izateaz gain, pelikulak edo pelikula zatiak ikusiko ere egingo dira.

Dokumentala eta fikzioa izan dira, hasieratik beretik, zinemagintzaren jardueraren bi eremu nagusiak zehaztu dituztenak. Bereizketa horren bidez ezarri zen, edo ezarritakotzat eman zen, bi generoen arteko banaketa muga zehatz halako bat, ezaugarri jakin batzuen arabera itxuratua, historialariak berehala ahaleginduko zirenak marrazten. Baina, ezaugarri horiek benetan al zeuden uste arazi nahi izan duten bezain argi bereiztuta? Horietako hainbat irudiaren gainazalean nabarmenki bereizteko modukoa izango da, baina sakontasun handiagoko beste dimentsio batera joaz, ez al diote erantzungo,  zinemak, idatz sistema eratu duen neurrian eta, aldi berean, jendaurrean emateko ikuskizunean mamitu den eran, sortzetik bertatik, agertu duen bikoiztasunari; ez al da hala? Denboraren joanak bakarrik eman ahal izan du galdera horien erantzuna, hein batean, behintzat, eman.

 

Zinemaren historiako testu klasikoak irakurtzeari ekin diona ohartuko denez, badirudi, egile gehienek, sistematizazio antsia handi batez, jardun izan dutela argi eta garbi jakin balute bezala dokumentalak zer adiera duen eta fikzioak zer adiera duen. Joan den mendeko 30. hamarkadako erdialdean, abanguardia guztiek indarra galduta zutenean, Louis Lumière asmatzailearen sententzia airean zebilela (etorkizunik ez duen asmakuntza da zinema), eta Hollywood-eko industriaren bidez fikzioa maila ikusgarrietaraino kodifikatzen ari zela,  XIX. mende bukaeran asmatua eta teknikaren aro horretako emaitza zen hizkuntza berezi horren esentziaren gaineko galderarik planteatzen zuten teorikoak benetan gutxi ziren.

 

Bigarren Mundu Gerrak, eragin zituen ondorio latzekin, eztanda egin arte itxaron behar zinema heldutasunera iristeko eta, hala, funtsezko galderak, beste behin ere, agerian jartzeko. Bultzada berritzaile horren bidez Zinema Modernoa sortuko zen, bereizgarritzat zerbait izatekotan, dokumental eta fikzioaren arteko lotura berri adina osotua ezarri zuela litzatekeelarik, zinemari ahotsa gaineratu zitzaionetik metatuz joan ziren literaturaren eta antzerkiaren berezko baliabideetaz jareginda. Horretaz jabetzeko, aski da gogoan hartzea, adibide adierazgarritzat, Italiako Neorrealismoaren fenomenoa –Roberto Rossellini buru duela- eta Jean Renoir eta Orson Welles zuzendari esanguratsuen lanak. Horiek guztiak zinemaren ikuspegi aurreratua izan zuten, 60. hamarkadako Nouvelle Vague  deritzona landu zuten sortzaile nagusietan eragin garrantzitsua izango zuena. Beraz, ez da harritzekoa, esperientzia erabakitzaile horietatik abiatuta -André Bazin teorikoaren eta haren maila erakutsi duten beste zenbaiten ekarpenak ere gehitu beharrekoak dira- dokumentalaren eta fikzioaren arteko kutsadura emankor batetaz hitz egitea, neurri batean edo bestean, gaur egun ere hala izaten jarraitzen duena.

 

Horri dagokionez, benetan kutsadura izan edo ez, kontua da bi generoak –beste behin ere, hala esango dut- batak besteari eskua emanda egin dutela aurrera zinematografoa asmatu zen unetik bertatik. Zinemagintzaren hastapenetako Robert Flaherty zinemagilearengan ere atzeman daiteke harreman horren zantzua, haren lehen pelikulatik hasita, “Nanook, eskimala” (1920-1922). Kameraren bidez irudiak inpresionatzeko ekintzaren era bi edo bi aldi desberdin landuko direla egia bada ere, egia da, halaber, erabilitako prozedura teknikoa (enkuadratzea, filmatzea, muntatzea eta soinuztatzea) orokorrean, bietan beretsuak direla eta bien artean egon daitekeen aldea galduz joango dela aintzan hartzen denean –nik hala egin ohi dut- beti zinemagilearen begirada izango dela, azaleko irudietatik harantzago, fikzioa, nolanahi ere, sorraraziko duena.

 

Hainbat pelikula eta egile aukeratu dira eta horien bidez ikastaro honek bete nahi duen helburua honakoa da: dokumentalaren baitako fikzioa bilatzeari ekitea eta, alderantzizkoa, fikzio lanek eskaini duten eta eskain dezaketen dokumentazio ikuspegia atzematea. Zer asmorekin? Zinemagintzaren inguruko esperientzia funtsezkoa erakustearekin batera, gaur egun bizi duen kinka larriaz ohartarazteko. Izan ere, gure planetako mutur batetik bestera gailendu den produkzioak, Hollywooden duena sorburua, mutazio harrigarri bati ekin dio birtualitateruntz. Hori alde batetik eta, bestetik, gizartearen eta teknikaren alderdiko eraldakuntza sakon batek ezartzen dizkion baldintzen mendean, zinemagintzaren hizkuntza, hainbat urtetan izan den eran, bere izatez izateari utzi egin diolako, ikus-entzunezko izendapena erabiltzen duen alorreko eranskin halako bat, besterik ez, bilakatzeraino. Prozesu horrek eragin duen desnaturalizazioa eta galerak lehengoratu ezinak dira eta dirudienez, inoiz ez bezalako neurrian merkatuaren mende jarrita, gizarteak zinemari kendu egin dio bere jatorria eta derrigorrean sarrarazi du aurrerantzean eta beste inoizko denboretan bere-berea izango ez duen historia batean. Horiek horrela, dokumentalaren begiradak –historia bat itxuratu edo ez- filmatzen den unean ingurukoa ondo begiratzeko premia eraberritzen duen heinean, zinema oraindik ere munduarekin kontaktuan egotea lortzen duela esatea ez da izango gehiegizkoa.

 

Víctor Erice

Biografia. (Karrantza, Bizkaia, 1940). Zinemagintzako prestakuntza eta praktika lan labur eta goiztiar zenbait eginda bazituen ere - En la terraza (1961), Entre vías (1962), Páginas de un diario perdido (1962), Los días perdidos (1963), Los desafíos - Claudio Guerín eta José Luis Egea-rekin elkarlanean- (Tercer episodio) (1969)-, zuzendari lanean, artean, hiru luzemetraia baino ez zituela, Europako zinemagintzako maisuen mailan jarri zen. Bakarka egin zuen lehen pelikula, El espíritu de la colmena, Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen Espainian ekoitzitako lehen pelikula izan zen, 1973. urtean. Zinemazaleengan eragina hain eragin handia izan zuen, non pelikulako zenbait irudi berehala bilakatu zirela enblematiko: pelikulako protagonista Ana Torrent neskatilaren begiak, edo trenbide ondoan zurt ageri den presentzia, indar handiko zantzu poetikoz beteta daude. Bigarren film luzea 1983an estreinatu zuen Victor Ericek, El sur izenekoa eta Adelaida García Morales idazlearen kontakizun batean oinarritua; Icíar Bollain antzezlearen lehen filma izan zen hori. 1992. urtean El sol del membrillo filma egin zuen, Antonio López margolariari buruz, irasagar arbola marrazteko trantzean. Mundu mailako filmoteka ospetsuenen iritzian, lan hori hamar onenen artean jartzekoa izan da. 2002. urtean, izen handiko beste zuzendari zenbaitekin batera (Aki Kiarosmaki, Waerner Herzog, Jim Jarmuchs, Wim Wenders, besteak beste..) Ten Minutes Older- The trumpet pelikula kolektiboko Alumbramiento kapitulua egin zuen, 2003. urteko Donostiako Zinemaldian eta zenbait kultur zentrotan aurkeztu dena, baina ez areto publikoetan.

Egin dituen azken lanei dagokionez, Bartzelonako CCCB eta Madrileko Casa Encendida zentroetarako bideoinstalazioa da bat, Abbas Kiarostami errealizadore iraniarrarekin batera egina, Correspondencia filmada deritzana (2005eko azaroa). Neurri ertaineko film bat da bestea, La Morte Rouge (2006ko urtarrila), haur batek zinematografikoarekin duen lehen esperientziaren ingurukoa.

 

1. mintegia

 

Iraupena:                               2006ko martxoaren 13tik 17ra

Egunak:                                            astelehenetik ostiralera

Ordutegia:                             goizez eta arratsaldez

Lekua:                                               Arteleku

Partehartzaile kopurua:             gehienez 30

Izena emateko epea:           2006ko martxoaren 6ko 14:00ak baino lehen

Prezioa:         30 €

Ordainketa:                           Mintegiaren lehen egunean erakutsi beharko da diru sarrera Kutxako ondoko kontu korronte zenbakian 2101/0381/07/000132947/3 egin izanaren egiaztagiria.

 

Mintegia bideratuko da zinemagintzaren bikoiztasunera (dokumentala eta fikzioa) hurbilpena eskaintzera, bikoiztasun hori agerian jartzen duten mekanismoak aurkitzeko eta ezagutzeko moduan eta egun hartu duen norabidea ere erakusteko moduan, aukeratu diren oinarri-oinarrizko adibide zinematografikoak baliatuz horretarako.

Goizez, klase teoriko praktikoak emango dira eta arratsaldez, ikasleek parte hartzeko aukera izateaz gain, pelikulak edo pelikula zatiak ikusiko ere egingo dira.

 

Mintegia zinemagintza arte eta ezagutzarako bide den neurrian haren bidez sortu edo haren gorabeherak aztertzen dituztenei zuzenduta dago. Baita ere, baina ez lehentasunez, gai horretan jakitun diren edo zinemagintzaren gainean, pentsamenduaren eragile eta heziketarako baliabide izan daitekeen neurrian, interesa izan dezaketen maisu eta irasleei.

 

Antolatzailea: Arteleku

Koordinazioa: Isabel Escudero irakaslea

 

2. mintegia

 

Mintegi honi beste bigarren batekin jarraipena ematea aurreikusi da (2006an bertan). Bigarren mintegi horrek izaera praktikoa izango luke, filmatzeko eta muntatzeko ariketen bidez. Han parte hartuko dutenak, lehentasunez, lehen mintegiko partehartzaile hautatuak izango lirateke.

 

 

iCal
Dokumentu Akzioak