Mapa ikus-entzunezko ikerketa talde bat da, urtean zenbait aldiz Artelekuko hitzaldi aretoan biltzen dena gaur egungo ikus-entzunezkoen inguruan gauzak partekatu, eztabaidatu eta galderak egiten jarraitzeko: zinema, pixel, zarata, lehen planoa, itzala, espektroa, alorretik kanpo, azkengabea?
Elkartu, proiektagailua piztu, zinema arraroko zatikiak ikusi eta ilunpetan jaten dugu merienda. Astean behin, 19:00etan Artelekun. Gero, 21:00etan, denok etxera joaten gara.
Izibene Oñederra, Tamara Garcia eta Victor Iriarte gara Mapa.
Harremana: viriartev@yahoo.es
2013KO PROGRAMA
- 5 jardunaldia, martxoaren 20a
El amor era esto, esto, esto... [Hauxe zen maitasuna, hau, hau…] Itsaso Arana La Tristura kolektiboko kide bat da. 2012an bere lehen filma aurkeztu zuen Madrileko La Casa Encendidako ikusizko arte eta performancearen inguruko Impresentable jaialdian: aurpegiak, eta norbait maitatzeak esan nahi duenaren inguruko oroipenak. Zertaz ari gara desamodioaz ari garenean?
Lan jardunaldia Itsaso Aranak aurkeztuko du, bisita egingo baitigu La Tristura kolektiboko gainerako kideekin batera.
http://www.latristura.com/
http://www.in-presentableblog.com/contenido/john-y-gena-de-itsaso-arana.html
- 4 jardunaldia, martxoaren 6a
Ensayo final para utopía [Utopiarako azken probasaioa]: Andres Duquek esan zigun bere filmak ez zaizkiola burutik irteten, erraietatik baizik. Kasu honetan, haren azken film luzea, 2012koa, zentzumenen esperientzia bat da, familia zinema eta dantza, bizitza eta heriotza, pilpira eta bihotza nahasten direna. Erraietatik etorkizunerantz. Horixe gertatuko da zinema jada existitzen ez denean, ikus-entzunezkoa gure parte bat besterik izango ez denean.
- 3 jardunaldia, otsailaren 27a
Retrato-Repaso. ABC Duque: Andres Duque Donostiara dator, LABO zinema esperimentaleko proiekzioen testuinguruan eta Tabakalerak antolatutako zinema digitalaren inguruko lantegi bat eskaintzera. Eta hirian dagoela baliatuko dugu Artelekura gonbidatzeko bere biografia-filmografia aletu dezan guretzat. Sekula Betiko lurraldean hasi zenetik, Ivan Zulueta bisitatuz, bere artxibo digitaleko lurralde-oihanean egindako bere azken deribetaraino.
Andres Duque komisario eta aurkezle izango da jardunaldi honetan.
- 2 jardunaldia, otsailaren 13a
Moteros versus cumbieros [Motozaleak versus cumbiazaleak]. Jose Campusano zinema gordina egiten duen zuzendari argentinar bat da. Motoak, armazko lapurretak, auzoa, elkarrizketa ezinezkoak, garagardoa, borrokak, hortz-hagin hautsiak, mendekuak, maitasuna, sexua, adiskidetasuna, leialtasuna, abiadura, heriotza eta bizitza agertzen diren zinema da, konplexu, galga zein beldurrik gabea. Haren filmak beti daude filmak ez izateko zorian; horregatik harritu gara hura aurkitzean eta haren tibiak eta kaskezurrak gozatzean. Aztertu egingo dugu haren Vikingo filma, argentinar zinema berri undergroundaren inguruan zabaldu den eztabaidaren testuinguruan. Heavy hutsa.
- 1 jardunaldia, otsailaren 6a
La familia mal, gracias [Familia gaizki, eskerrik asko]: familia zinemak beti ezkutatzen ditu mamuak. Gaston Solnicki argentinar film zuzendaria etxean egindako kamera batez hasi zen grabatzen, 7 urte zituela. Urteak joan, urteak etorri, grabatzen jarraitu zuen. Gero muntaketa aretoa ezagutu zuen, eta halako batean material hura guztia film-ispilu bihurtu zuen: Papirosen (2011). Familietan kantatu egiten da, dantzatu, maitatu, gorrotatu, edan, elkar ikusi. Familietan isla moduan ikusten dugu geure burua, film-bizitza moduan.