Arabiar irudikapen Grafikoak
Mintegia
2006/06/14 - 2006/06/18

Arabiar irudikapen Grafikoak

Parte-hartzaileak

Diskurtso kritikoak eta pentsamendu politikoa

Gema Martín Muñoz, Nuria Enguita eta Catherine David

04.16/14

Mintegi honen sorburua paradoxa arriskutsu baten egiaztapena da. Mendebaldeko hedabideak mundu arabiar eta musulmanari buruzko albistez beteta daude, baina informazio horiek beti alderdirik sentsazionalistetan eta topikoenetan geratzen dira, eta ez dira ahalegintzen herrialde horietan egun diren egoera politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalei buruzko azalpen zorrotz eta konplexua azaltzen. “Golkoko I. Gerratik –azaldu zuen Gema Martín Muñozek Arabiar irudikapen garaikideak. Diskurtso kritikoak eta pentsamendu politikoa mintegiaren aurkezpenean-, Mendebaldean berpiztu egin da pentsamendu orientalista (hauxe da, hain justu, XIX. mendeko kolonialismoaren oinarri ideologikoa), hots, arabiar mundua multzo itxi eta homogeneotzat ikusten duena, bere baliabide hutsez atzean uzteko gai ez den modernitate-aurreko gizarte eta politika egitura batean ainguratuta balego bezala”. Mintegi honen helburua gaur egun mundu arabiar eta musulmanean bizi den egoera konplexua azaltzen duten faktore historiko, politiko, sozial, ekonomiko eta antropologiko batzuei buruzko azterketa zehatz eta askotariko bat eskaintzea da; izan ere, faktore horiek baldintzatzen dituzte Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko harreman gatazkatsuak. Horretarako, oso ideologi esparru desberdinetatik (islamismo, feminismo, ezkerreko gizarte mugimendu eta abarretatik) datozen hainbat idazle, pentsalari eta kazetari independenteri egin diegu dei, kontuan izanik betiere horien diskurtsoaren oinarria zeharo demokratikoa izatea.

 

Eyal Sivan

Route 181: oroimen historikoa berreskuratzea gatazka palestinar-israeldarrean

04.16.15

 

Gatazka palestinar-israeldarraren konponbide benetako eta iraunkor orok diskurtso sionistak ezarri duen oroimen historikoa berrikusteko prozesu bat abian jartzea eskatzen duen iritzira erabat bildurik, Eyal Sivan (Haifa, Israel, 1964) eta Michel Khleifik (Nazaret-Galilea, Palestina, 1950) Route 181, fragments d’un voyage en Palestine-Israël filma egin zuten. “Route 181 –azaldu zuen Eyal Sivanek Arabiar irudikapen garaikideak. Diskurtso kritikoak eta pentsamendu politikoa mintegiaren lehen jardunaldian eginiko ekarpenean zehar- arkeologia politikoko lan bat da, botere sionistak burutu duen (eta israeldarren irudi munduan sartzea lortu duen) oroimen historikoaren erabiltze eta nahasteari mozorroa kendu nahi dion kontakizun bihotzeko bat planteatu nahi duena”. Aldi berean, filmaren helburua gatazkaren historia berreskuratzen eta berridazten laguntzea da, ikuspegi askotariko eta konplexu batetik abiatuta, aintzat harturik horrenbestez hala juduen –arabiar eta mendebaldarren- ikuspegia nola palestinarrena.

 Zehar aldizkariaren 54. alean Kebir Sabarrek idatzitako artikulua ere irakurgai dago.

 

ABOUBAKR JAMAI

Palestina eta Irak: okupazioaren esperientzia tragikoa eta beronen ondorioak

04.16/16

Mendebaldeko herrialdeetan ahaztu ohi dugu Ekialde Hurbila duela oso denbora gutxi deskolonizatutako lurralde bat dela. Baina kolonizazioaren oroitzapena ez da desagertu Israel (eta orain, baita Iraken zabaldutako tropa estatubatuarrak ere) kolonia garai horren herentziatzat ikusten duten hiritar arabiarren irudi mundutik. Arabiar irudikapen garaikideak. Diskurtso kritikoak eta pentsamendu politikoa mintegiaren bigarren jardunaldian eginiko ekarpenean zehar, Aboubakr Jamaik aztertu egin zuen Iraken inbasioaren eta arazo palestinarraren inpaktua mundu arabiarreko iritzi publikoan, eta arreta berezia eskaini zion Marokoko iritzi publikoari. “Kontuan izan behar dugu –azpimarratu zuen Aboubakr Jamaik- geografikoki urrun egon arren, iritzi publiko marokoarra dela Israelen gerra ekintzen edo Iraken kontrako eraso andanaren aurka gehien mugitu denetako bat”. Jamairen iritziz, gatazka biek Ekialdearen eta Mendebaldearen harreman historikoaren ezaugarri izan den borroka dinamikaren halako gaurkotze bat erakusten dute.

 

SALIMA GHEZALI

Demokrazia. Zuzenbidezko estatua eta nazioarteko politika mundu arabiarrean

04.16/17

Salima Ghezalik, Los amantes de Sherezade eta Las tinieblas de la guerra: Argelia y Kosovo liburuen egileak, gogoratu zuen eskolan “arabiar mundua” esapidea entzuten zuelarik ez zela inoiz ‘mundu’ horretakoa sentitu. “Izan ere –azaldu zuen-, ezagutzen genuen orotatik kanpo zegoen zerbaiti buruz ari zirela iruditzen zitzaidan, Lurretik beretik ere kanpo balego bezala. Eta nik beti sentitu izan dut mundu errealaren barnean nagoela, munduaren barnean, besterik gabe”. Arabiar munduari buruz hitz egitea espazio arrotz, urruneko, exotiko, ilun, mehatxagarri... bati buruz hitz egitea da, hitza (eta, horrenbestez, boterea) duen subjektuari arrotz zaion mundu bati buruz alegia. Ghezaliren ustez, “arabiar mundua” esapidea gehiago da erosotasun intelektualaren emaitza ongi zehazturiko geografi, politika eta kultur errealitate bat aipatzen duen kontzeptu kategoria zorrotz bat baino. Gainera, ikuspegi mendebaldarretik “arabiar mundua” gauza estatiko eta bereizi gabetzat sumatzen da, modernitate-aurre suerte batean ainguratuta dagoen eta bere kasa bilakaerarik zertzeko ezgai den gauzatzat.

 

TARIQ RAMADAN

Martxoaren 11ko atentatuen ostean Europan musulmana izatea
04.16/18

Dagoeneko hainbat mende badira planetako hainbat tokitan gutxiengo musulmanak daudela, Saharaz bestaldeko Afrikatik hasi (Nigeria, Burkina Faso, Ruanda...) eta India edo Asiako hego-ekialderaino iritsiz. Baina orain lehenbiziko aldiz ari da gertatzen komunitate musulman batek kultur testuinguru sekulartu batean txertatu behar izatea; honek bere ohituretako batzuk atzera pentsatu beharra eragingo dio. “Honi guztiari erantsi behar –zehaztu zuen Tariq Ramadanek Arabiar irudikapen garaikideak. Diskurtso kritikoak eta pentsamendu politikoa mintegiaren laugarren jardunaldian eginiko ekarpenean zehar- New Yorken irailaren 11n eta Madrilen martxoaren 11n izandako atentatuen ondorioak, mendebaldeko herrialdeetan islamofobiaren berrindartze bat ekarri baitute”.

Edonola ere, ez dugu ahantzi behar fede islamikoa bizi izateko eta ulertzeko modu desberdinak daudela. Ildo honetatik soziologo batzuek, Edward Said tartean, diote hainbat “islam” daudela, eta arrasto berari jarraiki Tariq Ramadanek kultura islamiko desberdinen izateari buruz hitz egiten du. Ramadanen iritziz, islam edo kultura islamiko horietan guztietan komunak diren elementu eta printzipio batzuk badira (corpus esoteriko bera baitute), baina kanpoko estaldura, gai historiko eta sozial zehatzei aurre egiteko moduak (inguruarekiko moldaketa) era askotakoak dira. “Konparazioa –argitu zuen Tariq Ramadanek-, islam guztietan berdin egiten da otoitza, baina pertsonen arteko harremanak oso ikuspegi desberdinetatik ulertzen dira”.

 

NADIA YASSINE

Alderdi islamistak eta alternatiba demokratikoa herrialde arabiarretan 04.16/19

Mundu arabiarra ez da bloke monolitiko bat, Mendebaldea ere ez den bezalaxe. Nadia Yassinek, Justizia eta izpiritualtasuna mugimendu islamista marokoarraren emakumezkoen atalaren eledun eta arduraduna bera, posible ikusten du zibilizazio bien arteko lotura puntuak aurkitzea, ez baitute, Samuel Huntington-ek 1997an beste gauza bat planteatu arren, ezinbestean elkarren aurkako borrokan zertan aritu. New Yorken irailaren 11n eta Madrilen martxoaren 11n izandako atentatuen ostean, Huntingtonen planteamenduak sustrai sakonak egin ditu gizarte mendebaldarretako sektorerik kontserbadoreenen artean, kolonialismoa justifikatu zuten tesi kulturalista eta esentzialista zaharrak atzera berpiztuz. “Baina mintegi hau bezalako ekimenek –azaldu zuen Nadia Yassinek Arabiar irudikapen garaikideak. Diskurtso kritikoak eta pentsamendu politikoa mintegiaren bosgarren jardunaldian eginiko ekarpenean zehar- lagundu egiten dute hausnarketarako eta elkarrizketarako espazio bat abian jartzen, hain zuzen aurreiritziak gainditu eta denontzako etorkizun habitagarri bat elkarrekin eraikitzea ahalbidetuko digun espazio bat”.

iCal
Dokumentu Akzioak