Pepe Espaliú Liburutegia

Amaitu berria da Pepe Espaliuren liburutegia katalogatzeko lana. Online kontsultagai dago jada Librivisionen bitartez. Online egiten diren kontsultetan Artelekuko liburutegi osoa batera agertzen bada ere, Pepe Espaliuren liburutegia fisikoki banatua mantendu da, Artelekun bere osotasuna gorde eta izaera berezia manten dezan.

Pepe Espaliú eta Artelekuren arteko harremanak 1989an hasi ziren, Pepe Espaliúk Juan Muñozek zuzendutako tailer batean parte hartu zuenean. Hiru urte beranduago, berak zuzendu zuen "La voluntad residual: parábolas del desenlace”.
1992ko irailaren 26an “The Carrying” ekintza/perfomancea burutu zuen Donostiako Zinemaldia bitartean. Ekintza/performance horretan, bikote batzuk Pepe Espaliú besotan hartuta garraiatu zuten Maria Cristina hoteletik Alderdi Eder parkeraino, aulki batean eserita balego bezala eta ibilbide osoan lurrik ukitu gabe. Ekintza/performancearen bitartez, IHESAri buruzko eztabaida piztu nahi izan zen gizartean, une horretan, gaixotasuna estigmatizatua baitzegoen.

1993an, hil aurretik, Pepe Espaliúk bere liburutegia eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiko Artelekuri. Modu berean, Artelekuk hitz eman zuen liburutegia mantendu, sustatu eta hedatu egingo zuela. 2003 eta 2004. urteetan funtsaren katalogazioa egin zen eta orain ikusgarri dago sarean.


LIBURUTEGIAREN DESKRIBAPENA


Liburutegiak Pepe Espaliúren bizitza, gustuak, zaletasunak eta ikasketak islatzen ditu. Guztira lau mila bostehun liburuki jasotzen ditu (dokumentu berriak eta liburuki errepikatuak) arteari, filosofiari edo literaturari buruzko monografia eta aldizkako argitalpenen artean.

Arteari buruzko liburu eta katalogoetan argi eta garbi ikusten da autoreari arte garaikidea asko interesatzen zitzaiola, baina ez garaikidea bakarrik, baita primitiboa, historiaurrekoa edo kolonaurrekoa ere. Liburu askotan azaltzen dira Afrika eta kolonaurreko herrietako arteari buruzko ikerketak, eta baita Antzinako Ekialdeko eta Asiako artea ere.

Kultura klasikoko, Erdi Aroko eta Errenazimenduko kulturen arteari buruzko monografiak ere badaude, besteak beste, Michelangelori, Raphaeli eta Velazkezi buruzko ikerketak, eta Errenazimenduko eskulturari eta barrokoko arkitekturari buruzkoak.

Azkenik, artearen historiari buruzko liburuen artean nabarmentzekoak dira XIX eta XX. mendeetako artistei eta joera artistikoei buruzko ikerlanak.

Dokumentu Akzioak
Copyright 2009, by the Contributing Authors. Cite/attribute Resource. naia. (2009, julio 06). Pepe Espaliú Liburutegia. Retrieved noviembre 21, 2024, from Arteleku.net Web site: http://2003.arteleku.net/arteleku/mediateka/pepe-espaliu-liburutegia. This work is licensed under a Creative Commons License. Creative Commons License