67 Paisaia Itsuak

Zehar #67

67 Paisaia Itsuak

Antonie van Leeuwenhoeck XVII. mendean Holandan jaio eta bizi izan zen. Goi mailako ikasketarik jaso ez eta Delft hiriko Herriko Etxean egin zuen lan atezain. Bere ordu libreetan ordea, lente ttikiak leuntzeko eta lantzeko afizio berezia jorratu zuen Leeuwenhoeckek. Hain zen indartsua denbora-pasa honekiko lotura, ezen denborak aitzinera egin ahala eta akatsez akats, bere tramankuluak hobetu eta berak landutako kristaltxoetatik objektuak 300 aldiz handiago ikustea lortu baitzuen.
Ez zuen mikroskopioa asmatu, gailu hau zenbait hamarkada lehenago asmatu baitzuen, batzuen iritziz Galileo Galileik bertzeen iritziz Zacharias Janssenek.
Antoniek, inolako jakintza zientifikorik gabe, soilik jakin-minak gidaturik, historian lehen aldiz inork ikusi gabekoak ikusi zituen bere kabuz: gure odoleko globuluak edo hainbat espezieen espermatozoideak esaterako, baita uretan bizi diren protozoo eta bakteriak ere. Azken finean berak jada bazegoen teknologia optikoa hartu eta hobetuz lehen aldiz ordura arte gizakiontzako ikusezina eta ezezaguna zen paisaia mikrobiologikoa deskubritu zuen.

Leku jakin batetik ikus daitekeen lurraldearen edo espazioaren zabalera bezala definitzen dugu paisaia. Definizio hau hitzez hitz hartuta, paisaiaren adiera eta definizio oro nahitaez begiratzen duen subjektuan eta begiratua den objektuan oinarritzen da. Bi elementuok gabe, espazioak hor dirauen arren, ez da paisaiarik. Beraz, paisaia eraikuntza kulturala dela esatea zilegi da, azken finean gure ingurunea errepresentatzeko modu subjektibo bat gehiago delako. Zentzu horretan, azken 200 urteetan gure inguruak aztertzeko darabilzkigun teknologiek errepresentazioaren eta errealitatearen arteko muga jada lausoa are gehiago lausotu dute, alde batetik paisaiari batzuetan ez dagokion benetakotasuna –sinesgarritasuna– emanez eta bertzetan gure ingurunea, gure biziespazioa idealizatzeko ariketa amaigabeak proposatuz. Ariketa hauetako aunitzek paisaiaren ideia bera atzera bueltarik gabe baldintzatu dute, are gehiago, maiz gure ingurunea ulertzeko ezinbertzeko tresnak bihurtu ditugu.

Leeuwenhoeckek bere lenteekin mikrobiologia asmatu zuela esan dezakegun bezala, mikrofoniak gure ingurunea osatzen duten soinuak are modu zehatzagoan aztertzeko eta ulertzeko eskaini dizkigun aukerei esker soinu-paisaiaren kontzeptua asmatzen eta ontzen joan garela esan dezakegu. Eta hori ez da adibide soil bat besterik, jada gure poltsikoetan ditugun gailu guztiekin antzeko parekotasunak topatu ditzakegu-eta.

Hala ere, teknologia digitalen ondorioz errealitate aumentatua, birtuala, elkarreragilea eta antzeko kontzeptuak erabiltzen hasi garenean, zaila egiten zaigu paisaia zer den eta zer izan daitekeen asmatzea, oraindik ez baikara gai asmakizun hauek guztiek zenbat paisaia berri ezagutzeko aukera eskainiko diguten imajinatzeko, alegia zenbat ikusmira eta entzunleku berri ekarriko dizkiguten pentsatzeko. Baina teknologiaren apologia naif batekin itsutu baino lehen, teknologiarekin, bereziki gure ingurunea ulertzeko onartzen eta erabiltzen ditugun gailuekin sortzen dugun harremana aztertzea nahitaezko ariketa bezala aurkezten zaigu. Hari horretan, Jose Luis de Vicentek, esku artean duzun ale honetako artikuluan, teknologiarekin inprobisatzeko gaitasun kolektiboa gordetzea oinarrizko borroka bihur daitekeela iradokitzen du.
Alegia, espaziotik paisaiarako jauzi horretan aurrez diseinaturiko errepresentazioak onartu baino teknologiarekin jolasteko gaitasuna aldarrikatzen du, bi erabilera horien artean sortzen diren desadostasunak gure alde jarriz eta horrela benetako paisaia berriak bilatuz. Hain zuzen mende batzuk lehenago Leeuwenhoeckek egin bezala.

Hurrengo orrietan topatuko dituzun idatziek eta soinuek paisaia dute hizpide, ikuspegi eta esperientzia anitz eta kontrajarrietatik abiaturik, berdin fikziotik, egunkari pertsonaletatik, historiak edo filosofiak eskaintzen dituen talaietatik edo gure entzumena iristen ez den mugetan ezarritako belarrietatik. Azken batean, paisaia ofizialaren errepresentazio zurrunaren aldean zenbait paisaia itsu.

-----------------------------------------------------------------------------------

 

Hots!Irratia#32: "Batzuk: Paisaia itsuak"

webgunean entzun daiteke.

Orquesta del Caos, Stéphane Garin Slavek Kwi, Iñigo Telletxea, Nader Koochaki, Xabier Erkizia, Tzesne, Hildegard Westerkamp, Juan Cantizzan eta Slavek Kwiren soinu grabaketekin.

Artelekuk erregularki argitaratzen duen ZEHAR aldizkariaren 67. alea paisaiari buruzko hausnarketei eskaini dio. Alearen argitaratzearen aitzakian, podcast honek aldizkariarekin batera heldu den CDa osatzen duten pistak biltzen ditu. Soinuzko pista hauek hein haundi batean aldizkariko testuak ilustratzea edo soinutzea (baita sonifikatzea ere) dute helburu, hortarako artista aunitzek egindako izaera ezberdineko landa grabaketak bilduz. Aldizkaria (eta CDa) eskuratzeko Artelekurekin kontaktuan jartzea nahikoa da, baina post honen bukaeran topatuko dituzun loturen bidez ere PDF euskarrian deskargatu ahal daiteke.




ZEHAR_67_EU.pdf — PDF document, 3977Kb
Acciones de Documento