Hezkuntza politikako auzi hutsa da

Pentsa dezagun hezkuntza erakundeez, katedradunez, irakasleez eta ikasleez, eta azkenik, baina ez garrantzi txikiena duelako, baita jakintzaz ere politikaren ikuspuntu, kategoria eta prozesuetatik. Era horretan, ezin da tresnarik (teknologiaz bagara) edo paradigmarik (teoriaz, ikus-arteaz eta abarrez ari bagara) jakintza ekoiztu eta banatzeko nolabaiteko auzo- prozesu errugabe batean aplikatu daitekeen tresna edo kategoria gisa ulertu. Era horretan, ez bakarrik jakintza erakundeak ihes egin diezaiokete boterearen, kapitalaren eta ekonomiaren arrazionalizazio eraginari; baizik, horrez gain, jakintzaren ekoizpen eta banaketa prozesuan erabiltzen diren metodologia eta teknologiak ez dira soilik ikusten trebetasun, hobekuntza, erraztasun eta eguneratze ideia zein diskurtsoei soilik eta bakarrik lotutako kategoria aurrepolitiko gisa. Are gehiago, hezkuntza erakundeekiko harremanak azaltzeko horrelako Grammatika erabiltzeak adierazten du prozesu politiko zehatz batek era aurrepolitikoan mantentzen dituela teoria, ikus-artea, jakintza nahiz hezkuntza erakundeak. Kapitalismo globalak berdintasunaren burdinazko lege zorrotza ezartzen du mundu osoan; horra zergatik hitz egiten dugun mundu globalaz! (kapitala globala da!) Baina kapitalak era lizunean globalizatzen duenaz at, beste gainontzeko guztia lokalizatu egin behar da! Kapitalismo globalak zehazki hori esan nahi du, kapitala bakarrik dela unibertsala eta era librean mugi daitekeena batetik bestera, kapitala dela mundu osoko erabateko herritar global bakarra. Horrela, Alain Badiou-ren Logiques des mondes (Munduen logikak, 2006) saioak -mundua berridazten duelarik ez mundu bakartzat, baizik mundurik gabekotzat- azpimarratzen du, hain zuzen, ez bakarrik kapitala dela herritar unibertsal bakarra, baizik mundua (azpi)mundu askotan sakabanatuta dagoela, mundurik gabekotzat ikusia izateraino. Kapitalak pentsamendu-prozesuak trebetasun bihurtzen ditu, ikasten ari direnei, beraz «mundurik gabeko munduko etorkizuneko herritarrei», ekintza eta politika koordenatu iraunkorrak kenduz. Hezkuntza sistema, bateratuagoa bihurtu da, nolabait esateko ulerterraza, eta hori baino garrantzitsuago, trukaerraza; trebetasunak ekoiztu eta zirkulazioan jartzeko makina garden bihurtu da hezkuntza.


Grzinic_eus.pdf — PDF document, 96Kb
Dokumentu Akzioak