Bicycle Built For Two Thousand

Aaron Koblin, Daniel Massey. Arte eta kultura digitaleko Transmediale jaialdia ospatu dute Berlinen otsailaren 2tik 7ra. Garai hauetako artista digital garrantzitsuenak elkartu dira jaialdian, leitmotiv FUTURITY NOW zutela, etorkizunari buruz XX. mendetik, eta are XIX.etik, aspertzeraino edan dugun ideiarekin jolasean.

Orain 2010eko urtean gaude (gogoeta egin dezagun: bederatzi urte igaro dira Kubrick-ek 2001eko odisea egin zuenetik, eta oraindik ez daukagu base iraunkorrik ilargian; bederatzi urte Blade Runner filmeko Los Angeles ezagutu genuenetik, eta oraindik ez dugu ibilgailu elektrikoa geureganatu; noizko ote dugu ibilgailu hegalaria?).

 


 

Bicicle Built For Two Thousand da jaialdian sarituetako bat, Aaron Koblin eta Daniel Massey-ren obra bat. Obra horretan, bi mila ahots-grabazio baino gehiago bildu dituzte Amazon-en Mechanical Turk zerbitzuari esker (Klblin-ek lehen ere erabili zuen The Sheep Market lanerako, bere web orriko atarian ikus daitekeenez). Sare-laneko ataria da zerbitzu hori: enplegatzaileek lan txikiak eta egiteko errazak eskaintzen dituzte web orrian; lan errepikakorrak dira gehienetan, makinek ezin dituztenak egin, baina bai edozein pertsonak. Enplegatzaileek diru pixka bat ordaintzen dute lan bakoitzeko. Kasu honetan, aldez aurretik entzun zuten nota bat grabatzea eskatzen zitzaien langileei. Ez zitzaien jakinarazten grabazioak zertarako erabiliko ziren. Grabazio bakoitzeko 0.06$ ordaintzen zuten.


Guztira egin ziren 2000 grabazio baino gehiagorekin, egileek Daisy Bell birsortu zuten, Harry Dacre-k 1982an moldatu zuen abesti bat. Konputagailuz abestu den lehen musika-pieza izan da (zehazki IBM 704 ordenagailu zentralak abestu zuen, 1962an). Balentria horretan oinarrituta, HAL 9000 itzalzen/hiltzen duen eszena ospetsua egin zuen David Bowman-ek (HAL 9000, XX. mendearen etorkizuna, hau da, makina pentsalariak, ate joka oraindik ez daukagula ezin hobeki erakusten duen beste adibide bat da). Horren berri daukatelarik, egileek zirkulua ixten dute, giza ahotsen pusketen bidez abestia birmoldatuz.


Jatorrizko abestian agertzen den ahapaldi bat berrartzen du obraren izenburuak: a bicicle built for two.


Emaitza entzun eta ikusteko, jo http//www.bicyclebuiltfortwothousand.com helbidera.

Dokumentu Akzioak