Mapa#01: Zine Arraroa
Hitzaldiak | Proiekzioak | Topaketak
2010/06/07 - 2010/06/11

Mapa#01: Zine Arraroa

Parte-hartzaileak

Zer ari da pasatzen zinema/ikus- entzunezko garaikidean? Generorik gabeko filmak, amaiera gabeak, ausartak, eskuekin eginak, mugikorrarekin, kamerarik gabe, koloretan, kolorerik gabe, zeluloide gainean pintatuak, punkiak, ikusezinak, mutuak, musikalak. Filma izateko beldurrik ez duten filmak: arraroak, ez hain arraroak, txikiak, izugarriak eta sailka ezinak.

Koordinazioa: MAPA – Tamara García, Víctor Iriarte, Sabrina Romero, Izibene Oñederra

Gonbidatuak: Gonzalo de Pedro, Andrés Duque, Los Hijos, Laboratorium, Mursego, Begoña del Teso

Data: Ekainak 7tik 11ra

Ordutegia: 10:00etatik 20:00etara

Izena emateko epea: Ekainak 2. Bidali zure datu pertsonalak arteleku@gipuzkoa.net helbidera

Gaurko ikus-entzunezkoaren ikusmira bat proposatzen du MAPA kolektiboak: lehenengo topaketetan zinemagintzan diharduten kolektiboen funtzionamendua ezagutu nahi da, ekoizpen modu periferikoak ikusi, zuzenean sortzaileekin hitz eginez: zinema indibidualetik, taldean eginikora, programatzaileak, zinemaldiak eta banatzeko plataforma berriak ere ezagutuz. «Egiten hastea» da lema, esperimentatu, ekoizpenaren mugak inporta gabe, ezta amaiera borobilak ere.
Bost egunetan proiekzioak eta hitzaldiak, oinarrizko galdera baten inguruan: «Zer da hau?» Hau filma bat da.

 

PROIEKZIO-HITZALDI IREKIAK

 

Ekainak 7

10:00etatik-13:00etara, Gonzalo De Pedro I
16:00etatik-18:00etara, Ti Taim*
18:00etatik-20:00etara Gonzalo De Pedro II

Gonzalo de Pedro Iruñeako Punto de Vista Jaialdiko programazio koordinatzailea da, Cahiers du Cinema Españako kidea eta zinema esperimentalean kokatzen diren piezen sortzailea.
Bere lanen proiekzioak eta hitzaldia El cineasta mierder. Historia insoportable del cine raro. Erreparorik gabeko errepasoa zine punkari, merkea, deserosoa, zatarra edo zuzenean anti - zinematografikoa den horri; belar txarrak bezala, besteek loratzea lortzen ez duten eremuetan sortzen dena. Gorazarrea zatarrari.

 

Ekainak 8

10:00etatik-13:00etara, Andrés Duque I
16:00etatik-18:00etara, Ti Taim*
18:00etatik-20:00etara,
Andrés Duque II

Andrés Duquek bere kamerarekin erretratu-filmak egiten ditu: Ivan Zuluetatik Ivan Zn, Paralelo 10eko kabalaren misterioetara.
Bere lanen proiekzioak eta hitzaldia Color perro que huye. Hitzaldi-filma. Bartzelonari buruzko eguneroko filmatua. Narratiba askea. Apunte koadernoa. Zuzeneko zinema minutuko hirurogei segundotan.

www.andresduque.com

 

Ekainak 9

10:00etatik-13:00etara, Los Hijos I
16:00etatik-18:00etara, Ti Taim*
18:00etatik-20:00etara,
Los Hijos II

Filmatzeko moduak esperimentatu eta narrazioaren diskurtsoan sakontzeko intentzioarekin sortu zen ikus-entzunezkoen kolektiboa da. Los Hijos taldea Javier Fernándezek (1980), Luis Lópezek (1981) eta Natalia Marínek (1982) osatzen dute.
Bere lanen proiekzioak eta hitzaldia Los materiales de «Los materiales». Los materiales luzemetraiak, zuzendaritza onenaren Jean Vigo saria irabazi zuen Iruñeako Punto de Vista 2010 zinema jaialdian. Baina, zer da Los materiales, filma bat da edo beste zerbait?

www.loshijos.org

 

Ekainak 10 

10:00etatik-14:00etara, Laboratorium I
16:00etatik-18:00etara, TI TAIM*
18:00etatik-19:30etara, Laboratorium II
20:00etatik-20:30etara, Laboratorium III + Mursego

Laboratorium kolektiboa Pere Ginard eta Laura Ginesek osatzen dute, filmen sorkuntza, diseinu grafikoa eta ilustrazio esperimentala lantzen duen mikro-faktoria.
Bere lanen proiekzioak eta proiekzio-kontzertua Les ales del dimoni + Mursego. Laboratoriumek, S-8 mmko artxiboko irudiak manipulatu eta proiektatzen ditu. Mursegok, emakume banpiroak, txeloaz, pedal-loopaz, panderetaz, ahotsaz eta ukeleleaz interpretatzen du.

www.laboratorium.cat

 

Ekainak 11

10:00etatik-14:00etara, Begoña Del Teso I
16:00etatik-18:00etara, Ti Taim*
18:00etatik- 20:00etara, Begoña Del Teso II

Kazetaria, bidaiaria, zinemaldi zalea, zutabegilea, elkarrizketatzailea eta zinemagilea besaulkitik, idazlanetatik, hitzetatik. Zinema arraroa da gustatzen zaiona, bere Vespa motoan ibiltzea, larruzko arropak soinean, eta hilea motz-motz eginda.
Mapa #01 programari amaiera emateko Del Teso komisario lanetan aritu da, beraz edozer gerta daiteke egun horretan: ibilaldi bat Donostiako alderdirik undergroundenetan barrena, bisitaldia zine areto ikusezin batera, errepasoa zeluloideko irudi debekatuen historia ez ofizialean zehar... Zinematik kanpo dagoen zinema. Gure barnean dagoen zinema.

 

*Ti Taim: Japoniako binilo-beltzezko te goxo bat, azpititulurik gabeko solasaldi bat, galderak adina opil bustitzeko, erantzunik gabeko zaporeak... zine arraroa zurrutadaka hartzeko aitzakia perfektua.

iCal
Dokumentu Akzioak