58 Bitartean

Zehar #58

58 Bitartean

Zinemaren historiaren ehun urteetako ibilbidean barrena hara-hona ibiltzeak, zalantzarik gabe, bidaiaren esperientziara hurbiltzen gaitu (à la Godard); are gehiago, jarduera estetiko gutxi daude bidaiaren esperientziara hainbeste hurbil gaitzaketenak. Film batetik irten eta beste batean sartu, gure begiradarentzat espresuki eraikitako denbora baten eta espazio baten emari oparoan murgiltzen gara: nahiz eta, gaur egun, ibilera horrek zeluloidezko filmaren gardentasun argitsuari uko egitea esan nahi duen, ezinbestean, eta bideo digitaleko diskoaren (DVD) zabalkuntzaren ondoriozko erreprodukzio gutxi edo aski opakoaren mende dagoen.

Baina, izan zinema, telebista nahiz ordenagailua, zer ikusten dugu pantailan? Aurrez aurre ikusten duguna, irudietan ikusten duguna, mundu asaldatu bat da. Gaur, atzo bezalaxe.

André Bazinek zioenez (eta halaxe gogorarazi digu Víctor Ericek, Artelekun, orain dela gutxi), irudian sinesten duten zinemagileak daude batetik eta errealitatean sinesten duten zinemagileak bestetik, eta haren aurrean konfiantzaz jokatzen dute; zinemagilearen xedeak, edonola ere, mundu asaldatu horri atxikitako bizitza atzematea izan behar luke (nahiz eta harea hatzen artetik bezala ezinbestean ihesi doakigun bizitza bat izan). Hortik abiatuta, bizitza horrek, mundu asaldatu horrek, halabeharraren soinekoaren azpian ezkutatzen digunari irekitako aldi gisa har genezake kontakizunari (fikzioari nahiz dokumentalari) dagokion aldia.

Ericerekin bat etorriz, zibilizazioaren ilunabarraren aro honetan zinemaren esperientzia garaikidearen ilunabarrean gaudela aitortzen badugu, bi aukera besterik ez ditugu izango: batetik, zinematografoaren requiem saminezko eta nostalgiko bat kantatzea; eta, bestetik, berriro ere munduaren edertasuna aintzat hartzen ikastea, baita ikuskizunen arloan ikus-entzunezkoak nagusi direlarik ere, adierazpenerako beharrezko distantzia galdua dugularik, alegia; eta, hala ere, distantzia galera horretatik abiatuta, edertasuna hautemateko gai izaten ikastea, errealitatearekiko berarekiko (eta Rosselliniren eraginpeko) erabateko konfiantzak hartaratuta. Eta, jakina, oraindik gazteegi gara requiemerako.

 

GABRIEL VILLOTA TOYOS


zehar58.pdf — PDF document, 1480Kb
Acciones de Documento