57 Trantsizioa

Zehar #57

57 Trantsizioa

1995eko urrian, documenta X zela-eta Catherine David elkarrizketatuz ireki genuen 29. Zehar, eta elkarrizketa hartako ideia batzuen eraginpean erabaki genuen hurrengo zenbakien ildo editoriala. Zehar hark, beste aldetik, trantsizioko garai baten hasiera ekarri zigun, orduan hasi baikinen aldizkarian artxiboa espazio dokumentalaren ikuspegitik lantzen.

Azken urteotan, teknologia digitalen garapenari esker, artxiboak halako moldean hedatu du bere egitekoa, non gaur egun protagonista iritsi berrietako bat den artearen eskenatoki garaikidean. Azkenaldian, asko dira ideia horren inguruan egin eta antolatu diren obrak, agerraldiak, erakusketak eta argitalpenak. Izan ere, betekada estetikoaren garaiotan, nahitasun artistikoak dokumentuari begiratzen dio, objektu txit desiragarri bihurtzeraino. Dena den, artxiboak, erakunde gisa, sustrai sakonak ditu, kulturek sortutako memoria gordetzeaz arduratu baita tradizionalki. Horretan datza dokumentuaren ahalmen handia. Baina orain, aldi baterako proiektua ere izan liteke artxiboa, eta Zehar gonbidatu duen dokumenta 12 magazine proiektua dugu esandakoaren adibide argigarria. Aldizkari proiektu horren oinarrian, hain zuzen, elkar uztartuta ekoiztu eta banatzeko aukera ematen duen edizio deszentralizaturako tresna bat dugu. Hitz gutxitan esanda, arte eta kultura garaikideko aldizkarien edizioan trantsizio garaia bideratuko duen proiektu baten aurrean gaude.

Zenbaki honek Trantsizioa izena du, aurrerapenaren eta aldaketaren ideia agertu nahian, nahiz eta badakigun aurrerapena eta aldaketa ezegonkortasunaren iturri direla inoiz; elkarrekintzako prozesu dinamikoak abiarazteko oinarri ere badirela uste dugu. Gauzak horrela, bi trantsizio politiko aztertzen ditugu: Espainiako Estatuarena bata, eta Armeniakoa, berriz, bestea. Saiheska aztertzen dugu lehena, eta lau herritarren ahotsen bidez, bigarrena. Artikuluetan sarritan agertzen zaizkigu eztabaidagai desadostasunaren ideia, edo Leire Vergarak bere elkarrizketan aipatzen duen Chantal Mouffe-ren “etsai adiskidetsuak” kontzeptua, eta proiektu estetikoaren eta politikoaren araberako praktika artistikoa. Beste aldetik, azterketaren galbahetik pasatzen ditugu ere bai, batetik, kultur politikak eta haien baitako interesak, legitimazio politikoaren morrontzakoak direnez sarri askotan, eta, bestetik, ekoizpen artistikoaren finantzazioari buruzko eztabaida. Forum atalean, azkenik, testu bana aurkezten dugu egile eskubideei buruz eta eskubide horiek kudeatzeko lizentziei buruz.


zehar 57 eusk-cast.pdf — PDF document, 1661Kb
Acciones de Documento