Jakintzaren geopolitikak eta boterearen kolonialitatea. Elkarrizketa Walter Mignolorekin

CW Jakintzaren geopolitikek zein auzi garrantzitsu planteatzen diote Latinoamerikako eta Andeetako unibertsitateari, eta guri, akademikoei?

WM. Zure galderaren lehen parteak dimentsio instituzionala aipatzen du, eta, horrenbestez, jakintzaren sorreran zimendu ekonomiko eta politikoak azpimarratzen ditu. Har dezagun berriro esparrutzat Gerra Hotzaren urteak eta arestiagokoak, Gerra Hotzaren osteko urteak. Baina gogora dezagun, hala ere, uni-bertsitatea mundu moderno-kolonialaren diseinu globalen parte bat izan zela, eta dela. Horretaz ez dut esan nahi Europa komunitate oraindik eratu gabe, ahul eta erdi barbaro bat zenean jada existitzen ziren zibilizazio handietan hezkuntza instituziorik ez zutenik. Esan nahi dut unibertsitate izenaz sortu zen hezkuntza instituzioari bere-berezkoa zitzaiola gaur egun uni-berts(al)itatea esaten diogun kontzeptualizazio epistemikoa. Mendebaldearen hedatze erlijioso eta ekonomikoa unibertsitatearen hedapenarekin batera gertatu zen. Hortaz, unibertsitatearen egoera, maila horretan, aberastasun ekonomikoen banaketa planetarioari dagokionez pentsatu behar da. Baina, gainera, era berean ikusi behar da diseinu global neo-liberaletan gertatutako hezkuntzaren balio-galtzeari dagokionez, giza bizitzaren balio-galtzearekin batera gertatua hura ere. De la Rua-ren gobernualdiko bi urtez izandako bigarren ekonomia ministroak, Ricardo Lopez Murphy, merkatu librearen ekonomian “hezia” bera, egin zuen lehen gauza izan zen aurrekontua murriztea, eta “premia” gutxien dagoen horretan murriztea, hezkuntzan. Baina tira, hori guztia badakigu. Modernidade/kolonialitate aurpegi bikoitzaren eta tokiko historien eta diseinu globalen esparruan kokatu nahian ari naiz bakarrik.


Walsh_eu.pdf — PDF document, 116Kb
Dokumentu Akzioak